Azurmendi, promozio mailako txapeldun
Txapelak lehen mailako kanporaketan parte hartzeko eskubidea eman dio. Urriaren 30ean izango da
Iñaki Azurmendik promozio mailako Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa nagusia irabazi zuen atzo. Faborito argia zen eta ez zuen kale egin. “Banekien nire lana eginda irabazteko moduan izango nintzela”, aitortu du. Txapelak ilusioa egin diola dio, nahiz eta bigarren mailakoa izan.
Sari potoloa lehen mailako txapelketako kanporaketan parte hartzeko txartela da. Urriaren 30ean izango da, Zestoan (Gipuzkoa). “Beste kontu bat izango da. Goi mailako hamalau aizkolari lehiatuko gara eta sei bakarrik igaroko dira hurrengo fasera. Zaila izango da”, esan du. Iaz ez zuen lehen mailako txapelketan parte hartu eta horregatik aritu da bigarrengoan.
Txapelak lanean jarraitzeko hauspoa eman dio. Zestoako zitara puntuan heldu nahi du, baina entrenatzeko denbora justua izango duela atsekabetu da.
Azaroaren 14an etxean arituko da. Beasainen jokatuko dute Gipuzkoako banakako txapelketa.