Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunarekin bat egin dute Goierrin
Xingola arrosa jarri dute Ordizian, Zumarragan eta Legazpin, eta Beasainen ere jarriko dute. Katxalin elkarteak mahai informatiboak ipiniko ditu hurrengo egunetan. Donostian, urriaren 31an egingo den emakumeen minbiziaren aurkako martxan parte hartzera dei egin dute.
Bihar, urriaren 19a, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna da eta, urtero bezala, Gipuzkoako Bularreko eta Ginekologiako Minbiziak Kaltetutako Emakumeen elkarteak, Katxalinek, gonbidapena luzatu die gipuzkoar guztiei, egun horren bueltan antolatu dituzten ekintzetan parte hartzera. Ekintzen helburua da, “ikusgarritasuna ematea, sentsibilizazioa, gaixotasun horren sendabidean pausoak ematea eta ikertzen jarrai dadila eskatzea, eta baita gaixotasuna pairatzen ari diren emakume guztiei babesa ematea”.
Goierrin, keinu bat egingo diote biharkoari. Ordiziako, Zumarragako eta Legazpiko udaletxeetako balkoietan, xingola arrosa zintzilikatu dute. Beasainen ere jarriko dute xingola arrosa udaletxe pareko kioskoan. Zumarragan eta beste herri batzuetan ere, herriko merkatariek arrosa koloreko apaingarriak jarri dituzte establezimenduetan.
Gainera, zehaztu du Katxalinek, herritarrengana hurbiltzeko, informazio mahaiak ipiniko dituztela, elkarteak ematen duen zerbitzuaren inguruko informazio guztia emateko, eta ikerketari bultzada emateko dirua lortzeko, besteak beste. Goierrin ondorengo herrietan eta egunetan jarriko dituzte: asteartea, urriak 19, Beasainen, Zubimusun; asteazkena, urriak 20, Ordizian, Plaza Nagusian; ostirala, urriak 22, Legazpin; larunbata, urriak, 23, Zumarragan; azaroak 2, Beasainen, Zubimusun; eta abenduak 28, Beasainen, Zubimusun.
Marea arrosa
Amaitzeko, urriaren 31n Katxalinen zazpigarren martxa solidarioa egingo da Donostian. 11:00etan hasiko da, eta Alderdi Ederretik abiatuta, 4,5 km egingo ditu marea arrosak Donostiako kaleetan zehar.
Inskripzioak Donostiako Apalategi dendan eta Garbera, Urbil, Zarautz, Azkoitia, Eibar, Arrasate, Ordizia eta Tolosako Eroski dendetan egin daitezke. Nolanahi ere, Katxalinen martxa solidarioan parte hartu ezin dutenek ere jarri dezakete beren aletxoa, ‘0 dortsalaren’ inskripzioa eginez. Inskripzio solidarioa da, alegia, 5 euroko edo hortik gorako dohaintza egin daiteke, kontzeptuan “0 dortsala” jarrita, transferentzia baten bidez, kontu korronte honetara: ES02 2095 5001 0110 6104 1041.