Haur pornografiagatik bi lagun atxilotu dituzte Goierrin
Poliziak bi gizonezko atxilotu ditu, bata Lazkaon eta bestea Urretxun. Haur pornografia eduki eta zabaltzea leporatzen diete.
Espainiako Poliziaren Ikerketa Teknologikorako Taldeak hiru lagun atxilotu ditu Gipuzkoan, haur pornografiarekin lotuta. Atxiloketak Lazkaon, Urretxun eta Donostian izan dira, eta hiruei haur pornografia eduki eta zabaltzea leporatzen diete.
Otsailean hasi zuen Poliziaren IKT taldeak operazio hori, sarean zabaldutako eduki pedofilo batzuen atzetik hasi zirenean. Eduki horiek, Gipuzkoako hainbat herritan deskargatu zirela atzeman zuten. Haien artean harremanik ez zegoela ikusita, Poliziak zaintza dispositiboak jarri zituen martxan, eta hala jakin ahal izan dute edukiak deskargatu zituztenen identitatea eta helbidea.
Hiru atxiloketetan lehena, irailean izan zen, Urretxun, orain jakinarazi badute ere. Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiaren aginduz, etxe bat miatu zuten. Bertan, ikusentzunezko eduki pedofiloa aurkitu zuten; bi disko gogor eraman zituzten, eta orain Madrilgo Informatikako Perituen Taldea ari da haiek ikertzen. Komisaldegira eraman ondoren, atxilotuak aitortu egin zuen eduki horien jabetza, eta Poliziaren arabera, “uneoro kolaboratu du agenteekin”; hala, epailearen esku jarri eta gero, honek kargupean aske utzi zuen, epaiketaren zain.
Operazio horretako hirugarren eta azken atxiloketa urrian egin dute, Donostian. Kasu horretan ere, atxilotuaren etxean “eduki pedofiloen kopuru handia” atzeman zuten bi disko gogor eta USB batean. Lehendik ere atxilotua izana zen antzeko gertakariengatik. Beste biak bezala, kargupean aske utzi zuen epaileak, epaiketaren zain.