Jendaurreko sariketan 30 margolari lehiatu dira, azken urteetan baino gehiago
Ricardo Azkargorta helduetan eta Josu Odriozola gazte mailan izan dira onenak. Iban Aranburu eta Brenda Lopez izan dira beasaindarrik onenak. Erakusketa zabalik dago, Igartzan
Jendaurreko margo sariketak 30. edizioa zuen eta 30 margolari aurkeztu ziren. Eta ez nolanahiko margolariak. Lehiaketak maila altua izan zuela esan zuen Jokin Telleria antolatzaileak eta epaimahaiko kideak. Ricardo Azkargorta bergararra izan zen guztietan onena. Senpereko bidegurutzea margotu zuen. Beasaingo herria eta auzoak zen gaia, urtero bezala; Esteban Orozek eta Giovanna Soldevillak jaso zituzten bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren; Josu Odriozolarena izan zen gazteen artean lanik onena; Iban Aranburu eta Brenda Lopez izan ziren herriko saria jaso zuten margolariak.
Aranburuk Gudugarretako auzoa marraztu zuen. «Aurretik erabakita nuen», aitortu zuen. «Auzoak gustatzen zaizkit. Jendearen joan-etorria txikiagoa denez, lasaiago marrazteko aukera ematen didate», arrazoitu zuen. Pintzelak alboratuta izan ditu azken urteetan, lana eta familia direla eta ez baitzuen nahi beste denbora mihisearen aurrean jartzeko; sariak aurrera jarraitzeko indarra eman dio. «Ilusioa beti egiten du. Baina aukeran nahiago nuen sari orokorra», aitortu du. Herritarrik onenaren saria lehendik ere irabazia zen, baina nagusia ez du sekula irabazi, aurten gertu izan zen arren.
Telleriak dio sari potoloa irabaztea ez dela erraza. Lehiaketetatik bizi den jendeak hartzen duela azaldu du. Gipuzkoako margolariez gain, nafarrak, bizkaitarrak eta Espainiatik etorritakoak ere izan dira. Teknika ezberdinak landu zituzten: collageak eta oleoak, esaterako.
30 margolari izan ziren denera. Iaz baino zortzi margolari gehiago, zehazki. Pandemia zela eta mugikortasuna mugatuta zegoela jokatu zen iazko edizioa eta nabaritu zen. Halere, 2019an eta 2018an baino margolari gehiago ere izan dira aurten. Telleriak sasoiko ikusten du lehiaketa, baina garai batean are margolari gehiago elkartzen zirela aipatu du. «Baina ez da Beasaingo arazoa bakarrik, orokorra da», zehaztu du. Bere ustez «maila horren ona ez duten zaleak atzera geratu dira».
Lan guztiak Igartzako Jauregian daude ikusgai, hilabete bukaerara arte. Batzuk erosi ere egin daitezke, egileak hala zehaztu bazuen, betiere. Irabazleen lanak ezin dira erosi, Beasaingo Udalarena baita horien jabetza. Lehiaketa Arrano elkarteak antolatu zuen udalaren laguntzarekin.













