Europako Ondarearen jardunaldiak Legazpira iritsi dira, Lenbur Fundazioaren eskutik
Txillida Lantokia hartu dute egoitzatzat, eta irisgarritasuna eta inklusioa ardatz dituzten lau ekintza burutuko dira bertan, igandeko bisita bereziekin hasita.
Lenbur Fundazioaren eskutik, Txillida Lantokia Ondarearen Europako jardunaldien egoitza bihurtuko da, eta irisgarritasuna eta inklusioa ardatz dituzten lau ekintza burutuko dira bertan datozen egunetan. Aurtengo jardunaldiek Guztion ondarea, denok parte! Ondare irisgarria eta Inklusiboa leloa daramate.
Irailean hasi eta azarora arte, Gipuzkoako 31 udalerrietan garatuko diren 138 jarduera biltzen dituzte seigarren edizioa betetzen duten jardunaldiek, eta aurten Legazpiko museo horretan egingo dute geldialdia
Lehenengo bi jarduerak igandean izango dira. 11:00etan eta 11:45ean, ikusmen murriztua dutenen azalean jarriz Txillida Lantoki museora bisitak egiteko aukera izango da. Eta 12:30ean, Begisare elkartearekin lankidetzan ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat bisita egokitua egingo da.
Hirugarren jarduera hurrengo ostegunean izango da, hilak 28, 19:00etan. Egoera zaurgarrian dauden pertsonen parte-hartzea kulturan izeneko Ikerketa aurkeztuko dute, hori ere Txillida Lantokian
Eta amaitzeko, igandean, urriak 31, txango inklusiboa egingo da museora. 11:00etan hasita.
Ekitaldi guztiak doakoak dira, baina aldez aurretik izena eman behar da. Izena emateko edo informazio gehiago eskatzeko 943 73 04 28 zenbakira deitu edo mirandaola@lenbur.com helbidera mezua bidali daiteke.