Panda abentura, hastear
Legazpin sortutako Los del Panda taldeko bi bikoteek parte hartuko dute Maroko zeharkatuko duen rallyan. Urriaren 22tik 30era bitartean izango da. Eskola materiala banatuko dute han
Pandemiak eragindako bigarren atzerapenaren ondoren, urriaren 22tik 30era egingo da azkenik Maroko zeharkatuko duen Panda Raid rallyaren aurtengo edizioa, eta partaideen artean legazpiar bat, Legazpin bizi den burgostar bat, zumarragar bat eta Etxarri Aranatzen (Nafarroa) bizi den altzotar bat izango dira. Autoen prestaketa lanak amaitzen ari dira, #los_del_panda izenpean.
Bi kotxe eta bi bikote dira, Iosu Santos eta Veronica Cantero, eta Unai Aranburu eta Nagore Hidalgoren partez joango den Pello Alberdi. Hidalgok ez du parte hartuko, baina taldeko kide izaten jarraitzen du. «Lanagatik ezin dut joan. Datak aldatu dituzte, egun gehiago dira eta kostea ere handiagoa. Pena handia dut, baina ez naiz joango».
Bi Seat Marbella
Hasierako plana bi emakumeak alde batetik eta gizonak bestetik joatea zen. Hiru gizonezkoek kotxe tailer batean egiten dute lan, eta horrelako rally batek eskatzen duen mekanika arloko prestakuntza badute behintzat.
Kotxeak bi Seat Marbella dira, probarako erositakoak, 1995 eta 1998 urteetakoak. Bat aurreko edizio batean ibilitakoa da, bestea egokitu egin behar izan dute.
Ostiralean hasiko den abenturarako prest daude, eta babesleen izenak ere erantsita dituzte: Zubitxo garajea, De la Villa Abokatuak, BSC, Asador Anton, Portuetxe Reformas, Bolymer, Izaro leihoak, Oria Sport Wear eta Rotugrafik. Laguntzaileak, berriz, gogoan izango dituzte: Maiatza, Gure Kabia eta Gurrutxaga tabernak eta Hizkuntza liburudenda. Eta errifak erosten eta bestela laguntza eman dutenak ere ez dituzte ahaztuko.
Abentura eta elkartasuna
Panda Raid martxoan egiten da, eta Marokoko hegoaldea zeharkatzen du zazpi etapatan. Iaz ez zen egin pandemiarengatik, eta aurten maiatzera atzeratu zuten. Maiatzekoa berriz ere atzeratu, eta azkenik urriaren 22tik 31ra bitartean egingo da. Irteera puntua ere aldatu dute, eta Espainiako Algeciras izan beharrean, Frantziako Sete izango da. Ia bi eguneko ferry bidaia egin beharko dute joateko, eta beste bi egunekoa etortzeko.
Marokoko ibilbidea lehengo bera da. Zazpi etapak gainditzeko road book-a edo ibilbidearen mapa eta iparrotza besterik ez dituzte izango. Pandemiaren eraginez rallyak zeharkatuko dituen bide asko zapaldu gabe egon dira, eta etapak gogorragoak izango direla uste dute partaideek. Hala ere, lehengo ilusio berarekin doaz, «gure helburua abenturaz disfrutatzea da, ondo pasatzea».
Abentura horretaz disfrutatzeko dirua behar da, bikote bakoitzeko 5.000 euro, eta hori lortzeko errifen laguntza izan dute. Konpromiso bat ere hartu zuten diru bilketa kanpaina horrekin, eta agindu bezala, zeharkatuko dituzten herrietan banatzeko eskola materialez beteta dituzte dagoeneko bi kotxeak.