Plazaolako parke osasungarria ongi erabiltzen ikasteko saioak
Begirale baten laguntza izango da bihar goizean, instalazioen erabilera ezagutzeko. Bederatzi kirol aparatuez osatuta dago. Hankak lantzeko dira gehienak
Pandemia bete-betean zela instalatu zuten parke bio-osasungarria Legazpiko Plazaola kalean. Bederatzi kirol aparatuez osatuta dago, dohainekoa da, eta herritar guztien eskura dago, baina jende nagusiari dago zuzenduta bereziki.
Udalak ez du kirol zirkuitu hori behar bezala aurkezteko aukerarik izan orain arte, eta bere erabilera sustatu asmoz, Buztintegi elkartearekin elkarlanean begirale batek gidatuko dituen saio praktiko batzuk antolatu ditu aste hauetarako. Joan den ostiralean egin zuten lehena, eta bihar egingo dute beste bat, 10:30etik 11:30era.
Pertsona nagusien kolektiboari zuzendutako saioak dira batez ere, E-Goitek enpresako begirale batek gidatutakoak. Tresna bakoitzaren funtzionamendua, erabilera egokia eta ekar ditzakeen onurak azaltzea da helburua.
Oreka lantzeko egokia
Kiroldegian lan egiten duen E-Goitek enpresako Aitor arduratuko da bihar ere prestakuntza saioaz. Helburua «aparatu bakoitzarekin zein ariketa mota egin daitekeen, eta zer lantzeko balio duen azaltzea» dela aipatu zuen joan den ostiralean. Jende gutxi joan zen orduan, baina bertaratu zirenek makina guztiak probatzeko aukera izan zuten, berak «teknika ona erabiltzen zuten» zaintzen zuen bitartean.
Aitorrek azaldu zuenez, Plazaolakoa «aire librean lan egiteko prestatuta dagoen parke bat da, batez ere hankak lantzeko makinekin hornitutakoa». Pertsona nagusiek hankak lantzea oso garrantzitsua dela erantsi zuen, «gune hori indartuta edukiz gero, oreka hobea izango dute eta erorketak saihestuko dituzte». Beraz, nagusientzat «oso gomendagarria da» bertan egin daitezkeen ariketak egitea.
Zahartzaro aktiboa
Manuel Fernandez izan zen makinak probatu zituenetako bat. Nagusilaneko beste boluntario batzuekin zebilen Eguneko Zentroko erabiltzaileak paseatzen, eta «paseoaren ondoren, soinketa» egitera joan ziren.
Parkea «oso ondo» dagoela zioen, nahiz eta kale erdi-erdian dagoen eta horregatik batzuk «lotsatu» egiten diren. Ez dela lotsatu behar esan zuen, eta Galizako bere herrian apaiza sotana eta guzti ibiltzen dela kontatu zuen. Instalazio horiek erabiltzera animatu zuen jendea azkenik, «zahartzaro aktiboa» izateko.