Legazpiko Errigora kanpaina berria, Haztegi eta Lekanazpiren eskuetan
Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako hiru saski desberdin daude aukeran. Saskiak erosita, bertako euskalgintzari laguntzen zaio. Eskariak telefonoz, internetez edo Haztegin eta Arantxa okindegian jarriko diren esku orrien bidez egin daitezke, azaroaren 11ra arte.
Legazpin, Haztegi ikastola eta Lekanazpi elkartea arduratuko dira “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka’ lelopean gauzatuko den Errigora kanpaina berriaren zabalkundeaz eta banaketaz. Kanpaina berri honetan Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako hiru saski mota eskaintzen dituzte, eduki desberdinekin, eta 55 eurotik 75 eurora arteko prezioekin. Horiek erosita, bertako euskalgintzari ekarpen ekonomikoa egiten zaio, saski bakoitzaren balioaren %25a, hain zuzen.
Saskiak telefonoz, Internetez edo esku orria beteta egin ahal izango dira, urriaren 23tik azaroaren 11ra arte. Legazpiko esku orriak Haztegi ikastolan eta Arantxa okindegian egongo dira. Saskiak azaro amaieran iritsiko dira. Haztegin eskatu dituztenek, Haztegiren bitartez jasoko dituzte, eta Arantxa okindegian eskatutakoek, Lekanazpiren bitartez. Eskaera internetez eta telefonoz egiten dutenek, saskia Lekanazpin edo Haztegin jaso nahi duten adierazi beharko dute.