Aizpeako meatze gunean, itsu-itsuan
Bisita sentsoriala egin dute, begiak estalita, Ondarearen Europako Jardunaldien barne
Gaur goizean Aizpeako meategi gunean elkartu diren bisitariek oso bisita berezia egin dute: ibilbide sentsoriala. Begiak estalita eta bastoiarekin egin dute bisita, itsuek bezala. Izan ere, ekitaldi hau Ondarearen Europako Jardunaldien barne antolatu da eta irisgarritasuna eta inklusibitatea dira aurtengo jardunaldien ardatza. Esperientzia pilotua izan da, zeraindarrek gaurkoa bisita guztiak inklusiboak eta irisgarriak egiteko baliatu nahi baitute. Baita ikastetxeekin irisgarritasuna eta inklusibitatea lantzeko ere.
Parte hartzaileak urduri samar zeuden hasieran. Ez da harritzekoa, begiak itxita ibiltzea ez baita batere erraza. “Urduri jartzen bazarete, antifaza kendu dezakezue. Eta galduta sentitzen bazarete, ez mugitu. Esan eta gu joango gara bila”, lasaitu ditu Ilazki Azaldegi gidariak. Meategi gunearen inguruko azalpenen ondoren, interpretazio zentroa bisitatu dute. “Itoko gara maskara eta antifazarekin…”, esan du bisitari batek txantxetan. “Bataren tokian ez badugu bestea jartzen…”, erantzun dio beste batek.
Eraikinaren barruan, mineralak ukitu dituzte, besteak beste. Ziur begiak zabalik balituzte baino hobeto sentitu dituztela. Ondoren, galeria bat bisitatu dute. Aurretik gidaria joan da, begiak irekita. Atzetik bisitariak, soka bati helduta. Eskoletako haurrak bezala. Amaieran, bisita begiak estali gabe egiteko aukera izan dute, era batean edo bestean egitearen arteko aldea bereizteko.
Horra hor bideo pare bat.