Gari Bravo omendu dute Lazkaon
Hamabi urteko ibilbidea egin du txirrindulari lazkaotarrak. Hainbat herritar, ziklista eta udal ordezkariak izan dira ekitaldian
Lazkaok merezitako omenaldia egin dio Garikoitz Bravo txirrindulari ohiari. Hamabi urteko ibilbidea egin du Bravok txirrindularitzan, eta aurten utzi du profesional mailako tropela. Egindako lana eta izandako ibilbide oparoa aitortu nahi izan zioten, ostiralean Areria aretoan egindako ekitaldian.
Bertan, hainbat herritar, ziklista eta taldekide izan zituen lagun Bravok, baita herriko musikariak eta dantzariak ere. Kepa Zubiarrain alkateak ere hartu zuen hitza. Hamabi urtez “izugarrizko lana” egin eta “Lazkaoko herria munduko hainbat bazterretara” eraman izana eskertu zion. “Izan zaren talde guztietan zenuen onena eman duzu, konpromiso handiz jokatuz, eta euskal txirrindularitzaren erreferente bilakatu zara”. Etorkizuneko proiektuei begira ere, zorterik onena opatu diote Bravori.