'Herriak egiten du herria', Errigoraren kanpaina berria
Ablitasen (Nafarroa) egindako auzolanarekin abiatu da Errigora egitasmoaren kanpaina berria. Eskaerak azaroaren 11rako egin behar dira. Saskiekin bildutako diruaren %25 euskalgintzako proiektuetara bideratuko dute.
Herriak egiten du herria lemapean ekin dio Errigorak udazkeneko kanpainari. Asteburuan Nafarroako Ablitas herrian auzolan jendetsua egin dute, Erriberako produktuak kutxetan bilduta. Izan ere, Errigoraren ibilbide “herrigintza ariketa” bat bezala ikusten dute antolatzaileek. 2013an hasi zirenetik, 1.400.000 euro baino gehiago bideratu dituzte Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak bultzatzera. Eta, aldi berean, “diru-ekarpen hori sortzeko bidea elikadura-burujabetzara pausuak emateko” baliatu dute.
Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina martxan da dagoeneko, eta azaroaren 11ra arte egin daitezke eskariak. Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako 3 saski eskainiko dituzte aurten, eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio. Besteak beste, Nafarroako ikatsolak, AEK, Sortzen eta beste egitasmo batzuk bultzatzeko erabili dute diru hori.
Azken urteetako bidetik, hiru saski eskainiko dituzte: saski beltza (55€), Errigoraren saski klasikoa; saski berdea (65€), ekologikoa; eta saski zuria (75€), berezia. Aurten, gainera, saskiekin batera Errigora eta Agerraldia egitasmoen egutegi bat ere oparituko dute. Eskaerak, errigora.eus webgunearen bidez egin daitezke.