Beasaingo Paperak-en 29. zenbakia margolaritzari buruzkoa izango da
Bihar aurkeztuko dute bildumako ale berria. Josetxo Zufiaurre Goiak egin du. Beasainekin lotura duten 70 marrazkilari baino gehiago zerrendatu ditu; 700 koadro baino gehiago bildu ditu
Beasaingo Paperak bildumako 29. zenbakia bihar argitaratuko dute. Aurkezpena Igartzako Jauregian izango da, 19:00etatik aurrera. Liburua bertan eskuratu ahalko da, 8 euroren truke. Bestela, 10 euro balioko ditu eta Beasaingo Udaleko Kultura sailean, Mirentxu eta Jon liburu dendan eskuratu ahalko da.
Margolaritza eta margolariak Beasainen da aurtengo gaia. «Beasainen margolari asko dagoelako», azaldu du Josetxo Zufiarre Goia idazleak. «Duela 60 urte baino gehiago Iruñeko unibertsitateak pintura lehiaketa bat antolatu zuen. Izan zuen arrakasta ikusita, udalak eskola jartzea erabaki zuen 1964. urtean. Segurako Jose Mari Telleria izan zen hasiera batean irakasle, eta gero Jokin Telleriak hartu zuen. Eskola harrobi handia izan da», osatu du.
Liburuan Beasainekin nolabaiteko lotura duten 72 margolariren inguruko informazioa jaso du. Jokin Telleriak lagundu dio zerrenda osatzen eta esker oneko hitzak izan ditu berarentzat. Erdiak emakumezkoak dira eta beste erdiak, gizonezkoak. «Ez da bilatutako banaketa, baina oso distribuzio polita da», aitortu du Zufiaurrek. Margolari bakoitzak sei orri ditu, norberaren soslaiarekin eta lanik esanguratsuenen bildumarekin. 700 margolan baino gehiago jaso ditu denera lanean.
Zufiaurrek herriko margo zaharrak ere jaso ditu. Elizetakoak, bereziki. Era berean, margo eskolari, erakusketa aretoei eta aire libreko lehiaketari buruz ere idatzi du. Bost atal izango ditu denera, gehi Leire Artola alkatearen aurkezpena eta Edorta Kortadi arte irakaslearen, idazlearen eta kritikariaren, hitzaurrea.
Etorkizuna
Zufiaurrek dio Beasainen margolaritzak etorkizuna bermatuta duela. Nabarmendu du Urbieta-etxean 7 urtetik 80 urte baino gehiagoko margolariak elkartzen direla. Eskolaz gain, bazkideek nahi dutenean joateko aukera dute eta praktikatzeko nahi adina denbora dute.