Beñat Senar ataundarra munduko txapeldun da 23 urtez azpikoan
Eder Moreno mexikarrari irabazi dio eskuz banaka, eta urrezko domina jantzi du. Set-etara, 2 eta 0 menderatu du finalean. Zubizarreta, berriz, Promozioko 4 eta erdiko fina laurrekoan da
Hogei urte bete bezperan, munduko txapeldun izatearen oparia jaso du Beñat Senar Apalategik (Ataun, 2001). Espainian jokatu den 23 urtez azpiko Munduko Pilota Txapelketan, buruz buruko esku huskako urrezko domina lortu du Lapke-ko aurrelariak.
Mundu txapelketako azken jardunaldian, igandean, jokatu zuen Senarrek finala, Mexikoko ordezkari Eder Morenoren aurka, Iscarreko frontoian (Valladolid, Espainia). Set-etara jokatu dute, eta bi jokoak ataundarrak irabazi ditu (2-0).
Espainiako selekzioko kide modura jokatu dute hego euskal herritarrek, eta Frantziakoaren barruan ipar euskal herritarrek. Espainiako taldeak sei modalitatetatik lau irabazi ditu, Argentinak bat eta Frantziako taldeak beste bat.
Zubizarreta, finalaurrean
Ataunen larunbat arratsean izan zen jaialdian, Iraitz Zubizarreta herritarrak Promozioko Lau eta erdiko Txapelketako finalaurrekora sailkatzea lortu zuen. Larrazabal 22 eta 6 menderatu zuen, Auzoeta frontoian, 32 minutu doi eta 112 pilotakada iraun zuen partidan. 16 tanto egin eta bakarra galdu zuen Zubizarretak. Lehen partidan, erakustaldikoan, Arteaga II.ak 22 eta 17 irabazi zion Agirreri.
Finalaurrekoan Zabala izango du aurkari Zubizarretak. Ligaxkako hiru partidak irabazita sailkatu da. Logroñoko Adarraga frontoian, azaroaren 1ean jokatuko dira bi finalaurrekoak.