Etxez-etxeko laguntza zerbitzuko langileek grebara joko dute
Astebeteko greba izango da, azaroaren 8tik 14ra. Udaletxe parean egunero elkartuko dira, udala lan baldintza kaxkarren erantzuleetako bat jotzen baitute
Beasaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek zazpi eguneko greba iragarri dute. Euren egoera ez dela hobetu diote eta “urrats bat egin” eta grebara jotzea erabaki dute. Bi hilabete daramatzate elkarretaratzeak egiten.
Lanuzteak azaroaren 8an hasiko dira. Udaletxearen atarian protestak egingo dituzte bitartean, egunero, 11:30ean. “Enpresa nola, Udala ere bada egoeraren erantzule”, diote. “Beasaindarrek jarritako baliabide publikoak lehentasun horietara bideratu behar dira eta ez enpresa pribatuen etekinak gizentzen jarraitzera, lan eta zerbitzu-baldintzak prekarizatuta”; Goxara enpresa ustiatzaileari ELAk aurkeztutako lan-hitzarmen plataforma onartzeko eskatu diote.
Biharko ere elkarretaratzea antolatu dute. Zubimusu Plazan kontzentratuko dira, 18:30ean.
Udalaren eta Goxararen artean
Beasaingo Udala da etxez-etxeko arreta zerbitzuaren titularra, baina Goxara enpresa pribatuaren esku uzten du ustiapena; Goxarak 30 bat langile ditu kontratatuta eta lan egiten duten orduen arabera kobratzen dute; langileak kexu dira soldatan gora behera handiak dituztela ondorioz. Gainera, lan baldintzak ez direla egokiak diote, eta eskaintzen duten zerbitzua kaxkarragoa dela horregatik. Goxarak dio udalak ezarritako baldintzak betetzen dituela eta udalak, berriz, “esfortzu ekonomiko handia” egiten duela jada eta ez dela garaia pleguak aldatzeko.