Ez dadila haria eten
Ordiziako San Jose egoitzan pandemiagatik hildakoei omenaldiak egin dizkiete Ordiziako Udalak eta Gipuzkoako Senideak elkarteak. Egoitzako langileei ere aitortza egin diete
Ordiziako San Jose adineko pertsonen egoitzan pandemia hasi zenetik hildakoei omenaldi bikoitza egin diete. Iragan astean egin zituzten biak; ostegunean, Gipuzkoako Senideak elkarteak antolatuta, eta larunbatean, berriz, Ordiziako Udalaren izenean.
2020ko martxoan pandemia deklaratu zutenetik, 4.790 hildako egon dira COVID-19agatik EAEn, Eusko Jaurlaritzaren txostenaren datuen arabera. Datuok aletu, eta ikus daiteke, adineko pertsonekin grinatu dela batez ere koronabirusa. Izan ere, 1.952 hildako, 80 eta 89 urte bitartekoak dira, eta 1.325 herritarrek, 90 urte baino gehiago zituzten.
Adineko pertsonen egoitzetan bereziki gogorra izan da koronabirusa. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako azken datuen arabera, 172 pertsona hil dira COVID-19agatik, Gipuzkoako erresidentzietan, eta ez du zehazten egoitza bakoitzean izan den hildako kopuru osoa.
Aldundiak ematen duen datua deigarria da, izan ere, Ordiziako Udalak adierazi duenez, «ia 40 hildako» izan dira San Jose egoitzan. Norberak atera ditzala bere ondorioak, baina iturri desberdinen arabera, Goierriko egoitzen artean behintzat, Ordiziakoan izan dira hildako gehien. Lehenengo olatua izan zen okerrena, 2020 urteko martxoa eta maiatza bitartekoa.
Ordiziarentzat kolpe handia, zalantzarik gabe. Une latzenak igaro dituzten haiek gogoan, aspalditik ari zen udala omenaldi bat egin nahian, baina egoerak baldintzatuta, data atzeratu, eta azkenean, larunbatean egin zuten.
Batez ere, San Josen hil direnen omenez antolatu zuen udalak ekitaldia, eta gainera, pertsona haiek zaintzen egon ziren langileei aitortza ere egin zieten. Ordiziako San Jose egoitzaren atarian egin zen, larunbatean. Santa Ana abesbatzak Agur Jaunak abestu zuen eta ondoren zortzi euskal abeslariren kantuen zatiez osatutako testu bat entzun zen. Juanito Ormazabalek Ordiziako herriari eskainitako eskultura inauguratu zuten, aurrerantzean, pandemian hildakoen omenezko ikurra izango dena. Bukatzeko, Amets Bide taldeko dantzari batek Agurra dantzatu zuen eta Pello Ramirezek pandemia garaian hildakoen omenez konposatutako Agur biluzia jo zuen. Bertan izan ziren, pandemia garaian hil zirenen senitartekoak, San Jose egoitzako langileak eta Ordiziako Udaleko eta aldundiko ordezkariak.
Gipuzkoako Senideak
Egun batzuk lehenago, ostegunean, Gipuzkoako Senideak elkarteak antolatuta, pandemian hildako egoiliarrei, beste ekitaldi bat egin zieten. Egoitzako langileentzat ere izan zuten keinu bat. Nekane Sainz de Cabezonek elkartearen izenean eskerrak eman zizkien, «baliabide nahikorik gabe eta baldintza kaxkarrenetan lanean aritu zirelako».
Ordiziako Udalarentzat ere izan zituen esker hitzak, «momentu latz hartan, egoitzako langileek urgentziazko laguntza mezua bota zutenean, lanerako beharrezko materiala eman zielako».
Langileek «oso hunkituta» jaso zuten aitortza, eta adierazi zuten «eskertzekoa dela», 2020 urteko martxotik bizitzen ari direna «oso-oso gogorra» izaten ari delako. Langile askok «laguntza eskatu behar» izan dutela egoerari aurre egin ahal izateko.
Lore sorta eskaini zieten omenduei, eta Amets Bide dantza taldeko gaztetxoek agurra dantzatu zieten, Ordiziako Txistularien laguntzarekin. Hildakoen senideekin eta langileekin batera, ekitaldian egon ziren Adur Ezenarro alkatea, Ordiziako Udal gobernu taldeko beste ordezkari batzuekin batera, baita Goierriko Pentsiodunak, eta hainbat eta hainbat herritar ere.
Erakundeei deia
Duela «bi urte sortu» zuten ofizialki Gipuzkoako Senideak elkartea. «Pandemiaren aurretik egoitzetako egoiliarren senideen artean bazegoen ondoeza, beharrak eta hutsuneak ikusten hasiak geunden, eta langileak greban hasi ziren garaian, bilera informatibo batera gonbidatu gintuzten. Han egoitza desberdinetako jendearekin elkartu eta guztietan antzeko gabeziak zeudela ikusi genuen, hori izan zen bultzada elkartea sortzeko».
Ondoren, koronabirusarekin, «eztanda egiten du eta begi bistan zegoena azaleratzen da». Ordutik aurrera, asteartero Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egiten dute, «egoitzetako lan gatazka luzeari konponbide bat eskatzeko». Horren harira langileek esan zuten, «ez dela zilegi gertatzen ari dena» eta «borrokan segiko» dutela «egoera aldatu arte, egoiliarrengatik, senideengatik eta guregatik».
Gainera, Gipuzkoako Senideak elkarteak eskatu du, «egoitza publikoak, gaur egun ezagutzen ditugun egoitza erraldoien ordez txikiak eta herriguneetatik gertu egotea, eta egoiliarrentzako baldintza hobeak». Agintariek autokritika egitea ere beharrezko jo dute, «lan handia egin bada ere, ez delako nahikoa».
Plazako ekitaldiaren ondoren, elkartearen kezkak sozializatzeko hitzaldia egin zuten D’Elikatuzen. Hurrengo asteetan beste herri batzuetan ere izango dira.













