Guri5! taldeak agur esango du, bederatzi urteko ibilbidearen ondoren
Goierriko erromeria talde ezagunak Ormaiztegiko jaietan egingo du azken kontzertua, azaroaren 20an. Esker oneko hitzak izan dituzte taldekideek.
“Ibilbide guztiek izaten dute bere amaiera. Eta bederatzi urteren ondoren, gureari ere heldu zaio berea”. Esaldi horrekin jakinarazi du Guri5! taldeak agur esango duela, sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez.
Urte horietan guztietan, Goierriko eta Euskal Herriko makina bat plaza alaitu dituzte euren doinuekin. 2012an sortu zuten proiektua Iñaki Rezusta ormaiztegiarrak, eta Julen eta Jon Sagarna eta Jon Gorrotxategi gabiriarrek. GoiBerri aldizkaria, taldearen hastapenetan izan zen haiekin, artean gaztetxoak zirela.
Ormaiztegin mamitu zen taldea, eta bertan egingo dute despedidako kontzertua. Azaroaren 20an izango da, Ormaiztegiko jaietan. Zale guztiei luzatu diete bertara joateko gonbitea.
Taldekideek esker oneko hitzak izan dituzte agur mezuan, “proiektutxo honekin aurrera jarraitzea posible” egin duten guztientzat. “Hasteko, kontzertuak antolatu eta jotzera gonbidatu gaituzuen txozna, gazte asanblada, gaztetxe, taberna, ostatu, erakunde, udaletxe, etab. guztiei. Lehen eskerrak zuei, beraz. Jarraitzeko, eszenatoki gainean gurekin parte hartu duzuen musikari, musika talde, eta artista guztiei, era batera edo bestera gurekiko prestutasuna erakusteagatik eta ibilaldi goxo hau gurekin partelatu nahi izateagatik. Eta azkenik, oholtza azpian gure kontzertuetara etorri zareten guztioi, zuengandik jasotako irribarre eta maitasunek egin baitute hau guztia posible!”.
“Garai berriak” datozela azaldu dute taldekideek. “Badakigu beste hainbat proiektuk hasi egingo dutela beraiena. Badakigu Euskal Herriko txokoak ongi gordeta geratuko direla. Gure aldetik, burua altxa eta harro esango dugu proiektu honen parte izan ginela”.