Katxalin elkarteak egoitza berria inauguratu du Zumarragako plazan
Lokaleko ateak bularreko minbizia duten emakume guztiei zabalik daude. Bertan, gaixotasuna pasa dutenen babesa eta aholkua jasoko dute. Igandean martxa egingo dute Donostian
Katxalinek, bularreko eta ginekologiako minbiziagatik eragindako emakumeen elkarteak, Zumarragako egoitza inauguratu du.
Ekitaldia ostiralean izan zen. Mikel Serrano alkateak eta Arantxa Gonzalez, Ainhoa Osinalde eta Daniel Jimenez zinegotziek parte hartu zuten; Katxalineko emakumeekin batera. Elkarrekin Zumarragako Ines Benitezek ez zuen parte hartzerik izan.
Serranok Katxalinek egiten duen lana oso garrantzitsua dela aipatu zuen. «Eskerrik asko egiten ari zareten lanagatik. Udalak hainbat lokal utzi dizkie gizarte arloko elkarteei (minbiziaren aurkako elkartea, Gautena…) eta zuek ere merezi zenuten. Minbizia dutela esaten dietenean, emakumeak noraezean gelditzen dira. Hemen bidaia egiten lagunduko dieten pertsonak dituzte. Katxalinek minbizia duten emakumeei babesa ematen die. Urriaren 31n dirua bilduko dute Donostian, bularreko minbiziaren ikerketaren alde. Herritar guztiei egun horretarako antolatu den martxa solidarioan parte hartzeko eskatu nahi diet».
Ametsa
Katxalineko Maite Vallek eskerrak eman zizkion udalari. «Lokal hau ametsa da. Lan handia eman duen ametsa. Duela urte eta erdi hitzarmena sinatu genuen udalarekin, baina pandemia heldu zen eta orain arte ezin izan dugu lokalera etorri. Minbizia duten emakumeengandik gertu egon nahi dugu eta horretarako lokal hau funtsezkoa da. Ahalik eta erabilpen handiena eman nahi diogu: gela bat hausnartzeko eta hitz egiteko prestatu dugu, ariketa fisiko pixka bat egin nahi dugu, minbizia dutenentzako bihotz formako kuxinak egiten ditugu…».
Minbizia duten emakumeentzat gaitz hori dutenekin edo izan dutenekin hitz egitea oso garrantzitsua dela gogoratu zuen. «Sentitzen duguna partekatzeko beharra dugu. Minbizia duten emakumeek, lokal honetan esperientzia hori bizi izan duten beste emakume batzuk aurkituko dituzte eta beraien laguntza jasoko dute».
Berak ere herritarrak urriaren 31n Donostian egingo den martxan parte hartzera animatu zituen. «Urriaren 31ko marea arrosa ukendua izango da guretzat. Jende guztia kamiseta arrosa soinean duela ikustea, balkoiak eta dendak arrosa koloreko apaingarriez josita ikustea… sekulakoa da. Baina, horretaz gain, ikerketa bultzatu nahi dugu. Lortzen dugun diru guztia Biodonostiari ematen diogu. Eta bere proiektu guztietan parte hartzen dugu», amaitu zuen Katxalineko kideak.