Legazpiko azken hamarkadetako memoria partekatu baterako bidean
Giza eskubideen urraketak eta indarkeria ekintzak biltzen dituen txostena aurkeztu dute. Ideologia desberdinekoen testigantzak jaso dituzte. Hausnarketa dator orain
Ikusmin handia eragin zuen Memoria partekatu baterantz txostenaren aurkezpenak. Latxartegi herritarrez bete zen ostegun arratsaldean, Legazpin 1956 eta 2021 bitartean izan diren giza eskubideen urraketak eta indarkeria ekintzak biltzen dituen dokumentua ezagutzeko asmoz.
Legazpiko Udalean bakearen eta bizikidetzaren arloan egiten ari den lanaren emaitzetako bat da memoriaren txostena. Duela bost urte udalean ordezkaritza duten alderdi guztien artean eratutako Bizikidetza mahai politikoa izan da eragilea, eta egilea, giza eskubideen alde lan egiten duen Argituz elkartea.
Txostenaren aurkezpenean Bizikidetza mahaiko kideak, txostenaren egile eta Argituz elkarteko kide diren Sabino Ormazabal eta Aintzane Gamiz, eta Olatz Etxabe eta Sandra Carrasco izan ziren, azken biak indarkeria politikoaren biktima gisa testigantzak emanez. Indarkeria eta giza eskubideen urraketa gaiak lantzeko hilean behin elkartzen den legazpiarren lantaldeak ere parte hartu zuen.
Kutsu politikoko indarkeria
Memoria partekatu baterantz txostenak Legazpin 1946 eta 2021 arteko arrazoi politikoko indarkeria gertakariak jasotzen ditu, ETAk, talde parapolizialek, estatuko eta autonomia erkidegoko segurtasun indarrek eta kale borrokak eragindakoak, besteak beste.
Legazpin izandako erailketak, huts egindako atentatuak, bahiketak, eskolta eramatera behartutakoak, estortsio ekonomikoak, tortura salaketak, heriotz mehatxuak, isunak, kalte materialak… banan bana aletu dituzte Argituz elkarteko kideek, informazio iturri gisa hemerotekak eta artxiboak, eta herritarren eta biktimen testigantzak erabilita.
Pertsona desberdinen memoria jaso nahi izan dute txostenean. Ideologia desberdina eta batzuetan kontrajarria duten pertsonak dira, adin, gizarte baldintza eta militantzia politiko desberdinekoak.
Herri mailako hausnarketa
Txostenaren egileetako bat den Aintzane Gamiz legazpiarra da, eta Gipuzkoako beste udalerri batzuetan antzeko lanak egin dituen arren, Legazpikoarekin «erantzukizun izugarria» sentitu duela aitortu du. «Herrian gertatu diren giza eskubideen urraketa guztiak jaso ditugu, eta saiatu gara mahai gainean egi guztiak jartzen, errelato desberdinetan oinarrituta».
Hori bakarrik ez, memoriaren lanketan sakontzeko iradokizunak eta proposamenak ere jaso dituzte txostenean, «memoriarako espazioak sortu, biktimei lekua eman, ikastetxeekin lanketa egin…». Udaleko bizikidetza mahaiarentzako abiapuntua izan beharko lukete iradokizun eta proposamen horiek, denek konpartitzen duten memoria bat eraikitzeko.
Herritarrei iritsi berri zaie txostena, askori harridura eragingo dieten gertakariez josia. Orain horren guztiaren «digestio prozesua» datorrela dio Gamizek, eta herri mailan hausnarketa bat irekiko dela uste du, norberak bere buruari, «Ni non egon naiz? Zer egin du? Nola bizi izan dut hori?…» galdetzeko unea.