Ondare industrialaren inguruko bisita gidatua antolatu dute gaurko
Industria astunak eta trenbideak herrian izan duten eragina aztertuko dute gaurko ibilaldian. Hilaren 31n, garai bateko jolasak egingo dituzte.
Urretxuko Udalak Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat egin du eta horretarako lau ekitaldi antolatu ditu. Bi dagoeneko egin dira eta hirugarrena gaur bertan izango da. Lenbur fundazioak bidegorrian bisita gidatua egingo du. Parte hartzaileek Burdin Haraneko ondare industriala ezagutzeko aukera edukiko dute.
15:00etan elkartuko dira, Urretxuko eta Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan. Ekintzaren helburua industria astunak eta trenbideak gure gizartean izan zuten eragina erakustea da. Izan ere, industria astunak eta trenbideak gizartea erabat aldatu zuten: bertakoen bizimodua aldatu egin zen, etorkin asko heldu ziren eta populazioa asko igo zen.
Ekitaldian bidegorriaren ondoan zeuden fabriketan lan egiten zuten langileek ere parte hartuko dute. Beraiek lantokietan bizitakoaren berri emango dute. Gainera, bisita gidatuaren amaieran dastaketa bat egongo da tabernetan.
Bisita gidatua dibertsitate funtzionala dutenei egokitua izango da. Norbaitek eskatzen badu, gidariaren azalpenak zeinuen hizkuntzara itzuliko dituzte. Parte hartzaileek 3 euro ordaindu behar dute. Izena emateko, Urretxuko kultur etxera jo behar da edo 943 03 80 88 telefono zenbakira deitu.
Garai bateko jolasak
Urretxun Ondarearen Europako Jardunaldien barne antolatu duten azken ekitaldia hilaren 31n izango da. Haurrek beraien aitona-amonen jolasak ezagutzeko aukera edukiko dute.
Parte hartzaileak 16:00ean elkartuko dira, Iparragirre plazan. Pagoetan izan behar zen, baina tokiz aldatu dute.
Ekitaldia familientzat pentsatua dago eta 55 urtetik gorako boluntarioek koordinatuko dute. Familiek kalean jolastuko dute, gure aitona-amonek egiten zuten moduan. Puxtarriekin, tortolosekin, yo-yoarekin, diaboloarekin… jolastuko dute. Ez da izena eman behar eta doan da.