Rock&Rolla dantza egiteko da
Pandemiak ez zituen zaleak Ordiziarrock jaialdirik gabe utzi, baina iaz ikusleek eserita eta dantza egin gabe jarraitu behar izan zituzten kontzertuak. Aurtengoak zutik eta dantzan gozatu dituzte.
Rolling Stones taldeko Mick Jagger-ek 78 urte ditu dagoeneko eta Keith Richards-ek abenduan beteko ditu, baina inork irudika al ditzake kontzertu bat eserita egiten? Elvis Presley, Chuck Berry eta gainontzeko aitzindariek ondo erakutsi zuten moduan, rock-and-rolla dantza egiteko da. Pandemia dela eta, iazko Ordiziarrock jaialdian ikusleek ezin izan zen dantza egin, ordea. Aurtengo edizioan berriro dantza egiteko aukera egon da. A ze plazera!
Ordiziarrock jaialdia ostiralean eta larunbatean egin zuten, Beti Alai pilotalekuan. 18. edizio honek Euskal Herriko zaporea izan du. Izan ere, parte hartu duten sei taldeak Euskal Herrikoak dira. Ostiralean Oki Moki Getariako bikoteak, Bamms donostialdeko boskoteak eta Ezpalak talde zestoarrak jo zuten. Larunbatean, berriz, Noir Socha talde ordiziarraren, Sua mungiarren eta Grises zestoarren txanda izan zen.
Pilotalekua, rock areto
Jendeak primeran erantzun zuen eta ikusle asko elkartu ziren bi egunetan pilotalekuan. Jendeak rock kontzertuez zutik gozatzeko gogoa zuen eta Ordiziarrock jaialdiaren antolatzaileek, primerako taldeak ekartzeaz gain, detailerik txikiena ere kontuan izaten dute. Rocka zer den eta rocka maite dutela nabari da. «Pilotalekua pilotan jokatzeko egin dagoenez, soinua ez da behar bezain ona. Guk pilotalekua rock areto bihurtzen dugu: soinuak hormetan errebotatu ez dezan, horma guztiak oihalez estaltzen ditugu», aipatu du Urko Ruiz antolatzaileak. Soinuaz gain, argiztapena ere oso ondo zaintzen dute.
Ikusleek asko gozatu zuten. «Talde guztiek sekulako kalitatea dute eta gainera jendeak herriko talde bat ikusteko gogoa zuen. Noir Socha taldeak sekulako ikuskizuna egin zuen».
Gainera, sorpresa oso berezi bat izan zen. «Ohikoak ez diren ikuskizunak ekartzea gustatzen zaigu. Aurten, kontzertuen artean, DJez gain, Las Kolgadas del Roko taldearen akrobazia ikuskizunak egon dira. Sabaitik zintzilikatu genituen oihal batzuekin eta uztaiekin dantza egin zuten. Aurtengoa harro egoteko moduko jaialdia izan da. Hau guztia ez litzateke posible izango boluntariorik gabe. Sekulako lan taldea dugu». Rocka maite duen lan taldea.