'Rosarito' omendu du Beasaingo Udalak
Iturriotz baserriko Patxi Arizmendik eta Lurdes Barojak irabazi dute Errezil sagarren lehiaketa; Altzibar baserriko Josetxo Mendia Azurmendik, barazki eta fruitu lehiaketa
Maria Rosario Txintxurreta Ganzarain Rosaritok Beasaingo Udalaren aitortza jaso du. Azokako ekoizlerik helduena da. 60 urte baino gehiago daramatza Altamira auzoko Atari-eder baserritik herrigunera jaisten. “Garaiak asko aldatu dira”, esan du. “Lehen amarekin astoan jaisten nintzen. Orain erosketak internet bidez egiten dira”. Halere, Beasaingoa plaza “oso ona” dela aitortu du, naiz eta azken aldian bezero gutxiago dabilela nabaritzen duen. Asteartetan, ostiraletan eta larunbatetan saltzen ditu bere produktuak, koinataren laguntzarekin. Barazkiak eta sagarrak izaten ditu salgai, nagusiki. Baratzaz gain negutegia ere badauka baserrian.
Aitortza alabarekin eta ilobekin batera jaso du: Leire Artola alkateak lore sorta bat eman dio eta agurra dantzatu diote. “Banekien niri egokitzen zitzaidala, baina beti da atsegina”.
30. Errezil sagar lehiaketa Aramara joan da, Iturriotz baserrira. Lurdes Barojak eta Patxi Arizmendi Amondarainek jaso dute saria. “Errezila sagarren artean erregina da. Onena”, azpimarratu du Arizmendik. Oraindik guztiz heltzeko apur bat falta duten arren, negurako konpotak, sagar tartak, menbrilloak… egiteko prest egondo direla iragarri du. “Gainera, aurten sagar asko dago”. Arizmendik gustura jaso du saria, “egindako lanaren aitortza” delako. “Lehenengo saria irabazteko lan asko egin behar da”.
Fruituak eta barazkiak
Fruitu eta barazki lehiaketa Altzibar baserriko Josetxo Mendia Azurmendik irabazi du. Manex Aranburu, Goimen eskualdeko landa garapenerako elkarteko teknikaria eta Carmen Gimeno, eskualdeko nekazaritza bulegoko burua izan dira gaurko epaileak.
Aitortza | ||
Mª Rosario Txintxurreta Ganzarain Rosarito | Atari-eder baserria (Altamira) | |
30. Errezil sagar lehiaketa | ||
1. | Patxi Arizmendi | Iturriotz baserria (Arama) |
2. | Maria Luisa Urrestarazu Telleria | Ondarre baserria (Arriaran) |
3. | Asun Etxeberria Otaegi | Usurburu baserria (Gaztelu) |
32. fruitu eta barazk lehiaketa | ||
1. | Josetxo Mendia Azurmendi | Altzibar baserria (Zegama) |
2. | Patxi Arizmendi Amundarain | Iturriotz baserria (Arama) |
3. | Mª Rosario Txintxurreta Ganzarain Rosarito | Atari-eder baserria (Altamira) |