Seguran elanio urdin bat tiroz zauritu dutela salatu du Eguzkik
Talde ekologistak salaketa jarri du fiskaltzan, eta Aldundiak berak egin ez izana salatu du. Hegaztia Igeldoko Arrano Etxera eraman dute, han osatu dadin.
Eguzki Talde Eskologistak salatu duenez, hilaren 16an elanio urdin bat (elanus caeruleus) tiroz zauritu zuten Seguran, 12 mm-ko kartutxo batekin. Hegaztia Igeldoko Arrano Etxera eraman dute, bertan artatu eta osatu dadin. Bestalde, Fiskaltzan ere salaketa jarri dute.
Eguzkik gogorarazi duenez, hil honetan jarritako bigarren salaketa da, urriaren 6an arrano txiki bat (hieraaetus pennatus) zauritu baitzuten Errezilen. Hura ere Arrano Etxera eraman zuten, baina biharamunean hil zen.
Elanio urdina nahiz arrano txikia, babestutako hegazti espezieak dira, eta horien kontra tiro egitea, ingurumenaren kontrako delitua izan liteke. Kasu horietan, ordea, tiro egin duena identifikatzea “oso zaila” izaten dela azaldu du Eguzkik. Hala ere, garrantzitsua deritzote salaketak jartzeari, “bistaratzeko hemen delituak egiten ari direla inolako zigorrik gabe”.
Aldundiaren jarrera ezbaian
Eguzki Talde Ekologistaren ustez, erakunde publikoek ezer gutxi egiten dute egoera horren aurrean. “Kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, arazoari aurre egiteko neurririk hartu gabe” jarraitzen duela salatu dute. Horrelako salaketak, Aldundiak berak jarri beharko lituzkeela uste dute. “Estatuko Fiskaltza Nagusiaren Ingurumeneko eta Hirigintzako Koordinazio Unitatearen irizpidearen eta araudi prozesalaren beraren arabera, agintaritzaren edo autoritatearen agenteek –basozainak agintaritzaren agenteak dira– ustezko delitu baten berri dutenean, fiskalari edo epaileari jakinarazi behar diote”.
Hemen, ordea, ez da horrelakorik gertatzen. “Badirudi Aldundian basozainei zuzendutako agindu berezi bat dagoela. Agindu horren arabera, basozainek, tiroz botatako animalia babestuen berri Fiskaltzari zuzenean eman ordez, nagusiei eman behar diete. Gero, nagusiek erabakitzen dute Fiskaltzan salaketak jarri behar diren ala ez”.
Eguzkik gogorarazi nahi izan du “deliturik dagoen ala ez erabakitzea epailearen edo fiskalaren eskumen esklusiboa” dela, eta beraz, “hor ez dago basozainen nagusien interpretazioetarako lekurik. Ez luke egon behar, behintzat”.
Horregatik, salaketa horiekin argitu nahi dute “zergatik Errezilgo arrano txikiaren, Segurako elanioaren eta antzeko beste hainbat kasu ez dituen Diputazioak berak salatzen”.