Aiert Izagirrek irekiko du ZerainLaben udazken kulturala datorren astean
Ostegunean, azaroaren 4ean, sukalde tekniken eraldaketaren inguruko tailerra eskainiko du Liztormendi elkartean, 18:30ean. Ez da izenik eman behar.
ZerainLabek udazken kulturala antolatu du datozen asteetarako. Hainbat tailer eta solasaldiz osatutako egitaraua egin dute, eta datorren ostegunean ekingo diote, azaroaren 4an. Zeraingo Ostatuko Aiert Izagirrek sukalde tekniken eraldaketaren inguruko tailerra eskainiko du 18:30ean, Liztormendi elkartean. Garai bateko sukaldatze teknikak eta gaur egungo teknikak landuko dituzte, tartean, bertako produktuetan eta energia aurreztean oinarriturik.
Hurrengo ekintza azaroaren 10ean izango da. Patri Urkizuk Joanes Lopez Zeraingoaren historia eta istorioak azalduko ditu, 18:30ean, elizan. Duela 500 urte Jauregin jaio eta Inkisizioak Granadan erre zuen zeraindarra izan zen Joanes Lopez. Azaroaren 18an, berriz, Gure Zirkuko lagunek Zerain bisitatuko dute eta herriko haurrekin solasaldia izango da herriko plazan, 18:30ean. Hilaren 25ean Toti Martinez de Lezeak euskal mitologiaren inguruko hitzaldia eskainiko du elizan, 18:30ean.
Azkeneko ekintza Euskararen Egunari lotutakoa izango da. Abenduaren 2an, ‘Euskararen egunak, bezperak eta biharamunak’ hitzaldia emango du Jon Sarasuak elizan, 18:30ean. Jarduera guztiak libreak izango dira eta ez da izenik eman behar.