Eguzkik Beasaingo Udalari saretak jartzeko eskatu dio
Baranden azpikaldeak ixteko eskatu dute, zaborrak Oria ibaira iritsi ez daitezen
Eguzki Talde Ekologistak Beasaingo Udalari eskatu dio saretak jartzeko Oria ibaiaren alboetako barandetan. Usategi Bideko zubitik Jose Migel Iturriotz kaleraino jartzeko eskatu du, zehazki. Saretek galbahe lana egiten dute, eta zaborrak uretara iristea galarazi. Eguzkik dio neurriak “berebiziko garrantzia” duela, ibaiak “oso zigortuta” daudelako jada.
Saretak Goierriko beste hainbat herritan jarrita daude jada: Ordizian, Lazkaon, Urretxun eta Zumarragan, esaterako. Ataunen eta Legazpin ere jartzeko prozesua martxan dute. “Eraginkorrak” direla azpimarratu dute eta “instalatzen errazak dira eta ez dira batere garestiak”, gaineratu dute.
Halere, “hondakin onena sortzen ez dena” dela azpimarratu dute. “Zenbat eta hondakin gutxiago sortu, gero eta ingurumen-inpaktu txikiagoa”.