Gaur hasiko dira Legorretako Gazte Festak
Hiru egunetarako egitaraua antolatu dute. Gaur, 18:00etan hasiko dira festak, suziri jaurtiketarekin. Brigada morea antolatu dute erasoen aurrean neurriak hartzeko.
Iazko etenaren ondoren, aurten bai, Gazte Festak ospatuko dituzte Legorretan, Gazte Asanbladak antolatuta. Hiru egunetarako egitaraua antolatu dute, gaurtik hasita, igandera artekoa. Ekintzak, Gaztetxean bertan eta herriko plazan jarri duten karpan egingo dituzte.
Gaur, 18:00etan, suziriaren jaurtiketarekin hasiko dituzte 22. Gazte Festak, eta jarraian, buruhandiak aterako dira udaletxetik. 18:30ean musuko poteoa egingo dute, Basque Reggae Kultur eta Bombadil Sound System-ek girotuta. 21:30ean, afari autogestionatua, eta 23:30ean, Kinada, Libertad Condicional eta Kraken taldeen kontzertua. DJ-ak ere egongo dira.
Larunbaterako, egitarau apala dute. 22:00etan mus txapelketa hasiko da. Parte hartzeko, ordu erdi lehenago Gaztetxera agertzea gomendatzen da, izen ematea, txapelketa aurretik egingo da. Bikoteko 10 euro ordaindu behar dira.
Eta igandean, Gaztetxearen aldeko argazkia aterako dute, 13:00etan. Horren ondoren, 14:00etatik aurrera, herri bazkaria egingo dute karpan, 18:30ean Distopia elektrotxarangak girotuko ditu herriko kaleak. Eta aurtengo festei amaiera emateko, 23:30etik aurrera Bordan Bizio, Kohatu eta Onlifly taldeen kontzertua.
Brigada morea
Legorretako Gazte Asanbladak eta Talde Feministak elkarlanean, brigada morea antolatu dute festetan eraso sexistarik, homofoborik, edo arrazistarik bada, behar diren neurriak hartzeko. Besoko morea jantzita joango dira. Erasoren bat jasaten dutenek edo ikusten dutenek, besoko morea jantzita dutenengana jo dezakete laguntza eske.