Mondeju zuria eta gazta plazara itzuliko dira berriro, Zaldibiako Ardiki Egunean
Igandean ospatuko da Zaldibiako mondejuaren inguruko festa. Hestebete horren eta Aralarko gaztaren txapelketak jokatuko dira. Azokarik ez da egingo, baina bai bazkaria eta kalejira
Zaldibiako mondeju zuri preziatua plazan dastatzeko aukera izango da, igandean. Ardiki Eguna ospatzea erabaki du Ardiki Elkarteak, eta hamabost egunean prestatu dute etziko egitaraua. 2019ra arteko egituratik, hainbat osagai aldatu dizkiote: azokarik ez da egingo, ez artisauen salmentakorik, ez baserriko produktuen erakusketakorik.
«Azokarik ez da egingo, oraindik jendea ez pilatzeko kontu hartu behar delako, eta errespetu pixka batekin ibili», azaldu du Ardiki elkarteko Migel Mari Irastortzak. Hala, goizean Zaldibiako txistulariek eta Ostolaza eta Narbaiza trikitilariek girotuko dute kalejira. Hernaniko musika eskolakoak ez dira aurten izango. Herrian zehar ibiliko dira eguartean, bazkalostean erromeria egingo dute plazan, eta gero betiko kalejira.
Eguneko izarrak, Zaldibiako mondejua eta Aralarko gazta izango dira; 26. eta 23. lehiaketak egingo dira. 10:00etarako eraman eta aurkeztu behar dituzte partaideek plazara. Kopuruz, parte hartzeko 18 mondeju eta 17 gazta ziurtatuta zeuden atzo.
Hemezortzi epaile
Plazako oholtzan, 11:00etan hasiko dira epaimahaikoak dastatzen. Guztira 18 epaile ariko dira, bederatzi atal bakoitzean. Nagusiki, herritarrak ariko dira, kanpoko bat edo beste gonbidatu duten arren, Beasaingo Olano harategiko Joxe Manuel Olano, edo Idiazabalgo Gaztainaditxuloko Ander Barandiaran gaztagilea, besteak beste.
13:30erako bukatu nahi dute, eta txapela banarekin sarituko dituzte mondejugile eta gaztagile onenak. Sebastian Lizaso eta Iker Zubeldia bertsolariek kantatuko dute, bien bitartean.
Bazkaria eta erromeria
Plazan egin nahi dute igandeko lagunarteko bazkaria. Eguraldi euritsua iragarrita dagoenez, kanpoan egin ezin bada, Restin bazkalduko dute. Menua aldatuko dute, gainera. Arkumea parrillan errea entsaladarekin, Aralarko gazta. Goiz-eguerdietan, berriz, mondeju pintxoak salduko dituzte DBH4ko ikasle zaldibiarrek, plazan.
Arratsaldean, trikitilariekin erromeria izango da, plazan (euriarekin, frontoian). Ohiko kalejirarekin amaituko dute festa. Antolatzaile talde zaharrak antolaturiko azken jaia izan liteke, 2022rako erreleboa espero baita.
EGITARAUA
Ardiki Eguna, igandean
· 10:00. Txistularien eta trikitilarien goiz eresia, kalean.
· 10:00. Lehiaketara mondejuak eta gaztak aurkeztea.
· 11:00. Zaldibiako 26. Mondeju Lehiaketa eta 23. Aralarko Gazta Lehiaketaren hasiera.
· Eguartean. Sebastian Lizaso eta Iker Zubeldia bertsolariak, eta Ostolaza eta Narbaiza trikitilariak.
· 13:30. Sari banaketa.
· 14:30. Bazkaria, plazan (euria ari badu, Resti pilotalekuan).
· 18:00. Erromeria eta kalejira.