Terrazak "pixkanaka-pixkanaka" lehengoratuko beharko dira
Beasaingo Udalak ostalaritzaren ordenantza aldatzeko prozesua martxan du. Martxoan eta apirila bitartean amaitzea espero dute
Beasainen tabernetako terrazak pandemia aurreko egoerara itzuli beharko dute. Aldaketa ez da berehalakoa izango, ordea. Martxoan edo apirilean izango dela aipatu zuen Leire Artola Beasaingo alkateak atzoko batzar orokorrean, udala lantzen ari den ordenantza aldaketa onartzerakoan.
Aulkiak eta mahaiak herri-bidean jartzea arautzen duen ordenantzak “berrikuspen bat” behar duela aitortu zuen, “aspaldikoa delako”. 20 urte beteko ditu abenduan. Tartean ohiturak asko aldatu direla esan zuen alkateak, eta zaharkitua gelditu dela. Udalak terrazak urte aldaketarekin batera lehengorarazteko asmoa zuen, baina ordenantza ez da ordurako prest egongo; bitartean “malguak” izango direla esan zuen. “Baina tabernariei adierazi zaie lehengoratu egin beharko dituztela, pixkanaka-pixkanaka”, jakinarazi zuen.