Gure Zirkuak asteburu goibela alaitu du
Atzo egin zuten lehen emanaldia eta gaur arratsaldean, beste bi. Edukiera osorik duten arren, bete egin da hiru emanaldietan
Gure Zirkuak argia ekarri du Beasainera larunbat gris honetan. Ikusleek gogotik gozatu dute. Ia bi urteren ondoren, gainera, erabateko edukierarekin dabiltza lanean. Iker Galartza ikuskizuneko arduradunak dio eskertzen dela eta lasaiago dabiltzala.
Atzo eskaini zuten lehen emanaldia. Ostiral iluntzeetan publikoa helduagoa izaten dela azaldu du: bikoteak, kuadrillak… “Gustatzen zaizkigu ostiral arratsaldeak”, aitortu du. Gaur arratsaldean bi emanaldi izan dituzte eta haurrak ziren nagusi. Kontuak kontu, hiru kasuetan harmailak lepo bete dituzte. “Beasain eta Goierri plaza onak dira. Jende asko bizi da eta erraz mugitzen dira”, aipatu du Galartzak.
Datozen emanaldi gehienetarako sarrerak ere agortuta daude: soilik azaroaren 5eko, 12ko, 13ko bigarrengorako eta 14ko lehengorako sarrera batzuk daude salgai. Hamazazpi saio eskainiko dituzte denera, azaroaren 14ra arte. Galartzak, ordea, jendearen erantzuna ikusita ez du ikuskizuna luzatzeko aukera baztertu.
Ilusioa
Zirkua ilusioa da, aho bete hortz uzten zaituen ikuskizun bat. Gure Zirkua azken urteetan Goierrira etorri gabe zegoen eta ikusleak gogotsu zeuden. Beasaingoa eskualdeko laugarren geldialdia da. Aurretik Araman, Ordizian eta Urretxun izan ziren.
Zirkuaren laugarren urtea da aurtengoa. Ikasten ari direla eta ikuskizuna geroz eta hobea dela esan du Galartzak, nahiz eta “zaila” dela aipatu. Adibide bat jarri du: “Araman izan ginenean belarretan altxa genuen karpa. Euria egin zuen eta dena lokaztu zen; Beasainerako ikasi dugu eta asfalto gainean gaude”. Bernedoeneako aparkalekuan dago karpa. Toki batzuk kendu behar izan dituzte baina Adifeko nasa zabaldu du Udalak arazorik sor ez dadin.