Itsaso auzolanean apaindu dute
30 bat itsasoarrek herriko lorategiak txukundu eta negurako egurra pilatu dute
Itsaso apain eta lirain utzi dute 30 bat herritarrek. Talde txikitan banatu eta herriko hainbat puntu konpondu edo txukundu dituzte. Esaterako, taldeetako bat Kizkitzan izan da lanean. Teilatua garbitu, faroaren argi sentsorea egokitu… dute. Beste talde bat eliza inguruko belardia txukuntzen eta loratzen aritu da. Pentsamenduak, Txillarrak eta Ziklamenak landatu dituzte, neguko loreak direlako eta hotzei ongi eusten dietelako. Udaberrian berriz elkartuko dira auzolanerako.
Itsasoarrek ere ongi eutsi diote eguraldiari. Jakitun ziren arratsalderako atertuko zuela eta planari bere horretan eutsi diote goizetik.
19:00ak aldera, behin lanak amaituta eta herria eta herritarrak txukunduta, mokadutxoa egingo dute indarrak berreskuratzeko. Otsatuan elkartuko dira. Hain justu, ostaturako eta okindegirako egurrak mozten ere aritu da beste taldeetako bat.