Hondakinetan arreta jarrita hasiko du aro berria Agenda 2030 foroak
Legazpi garbi mantentzea herritar guztien konpromisoa dela gogoratu dute, eta inplikazioa eskatu dute. Gaur egingo dute lehen bilera, 17:30ean, Kultur Etxeko areto nagusian.
Legazpiko Udalak sustatutako Agenda 2030eko herritarren foroak gaur berrabiatuko du jarduna, pandemiaren eraginez ia bi urtez bildu gabe egon eta gero. Hondakinetan jarriko dute arreta aro berri honetan, eta gaur bertan izango da lehen saioa.
Maite Lonbide eta Inma Hernandez ingurumen zinegotziak eta teknikariak foroan parte hartzera gonbidatu dituzte legazpiarrak, «herria garbi mantentzeko dugun konpromisoa» aipatuz. Bilera 17:30etik 19:00- etara izango da, Kultur Etxeko areto nagusian.
Hondakinen gaia
«Legazpiarrok gure herria garbi mantentzeko konpromisoa dugu», aipatu zuen Lonbidek foroan parte hartzera herritarrak gonbidatzeko unean. «Hondakinekin arazo larria dugu, bereziki plastikoarekin, eta denon artean irtenbide bat bilatu behar diogu. Horretarako guztion konpromisoa behar dugu».
Teoriatik eta hitzetatik ekintzara pasatzeko garaia dela esan zuen tinko, eta hondakinen gaian interesea duten herritarren inplikazioa lortu nahi dute horretarako, «aurrera begira garatuko ditugun ekintzak gauzatzen laguntzeko, horien zabalkundean esku bat botatzeko edo beste herritar batzuk gaian inplikatu daitezen lan egiteko prest» daudenen inplikazioa, alegia.
Foroa, 2001etik
Inma Hernandezek, bere aldetik, Legazpiko Agenda 2030eko Foroa «udalaren eta herritarren arteko topagunea» dela azaldu zuen, 2001ean sortu zen Agenda 21eko foroaren «bilakaera naturala, terminologia berrira egokitu besterik ez da egin». Ordutik hona, helburu bera izan dute foroko bilerek, «gogoeta egitea, eztabaidatzea, proposatzea… Horrek guztiak proiektuak hobetzen laguntzen dio udalari, gero eta iraunkorragoa den Legazpi bat lortzen laguntzen dio».
Foroan edozein legazpiarrek parte har dezakeela ere gogoratu zuen Hernandezek, «ez da izena egman behar, bilerara agertu besterik ez da egin behar». Bilerak noiz egingo diren aurrez argitaratzen dutela aipatu zuen, udalaren webgunean eta komunikabideetan.
Gaurtik aurrerako foroek ordugi berria izango dutela esan zuen azkenik, «ordutegia aurreratu egin da, 17:30era, azkeneko foroan egindako proposamenari jarraituz, jarduera hori herritarren beste jarduera batzuekin bateragarri izan dadin».