Sustraiak taldea, Kapela dantzarekin Legazpiko bazterrak alaitzeko gertu
Iazko etenaren ondoren, aurtengo saioa azaroaren 6an egingo dute. Herriko plazan, erdiguneko kaleetan eta Hegialden dantzatuko dute. Soka dantzaren aldaera bat da
Dantza ekitaldietan ere izan du eragina pandemiak, baina neurriak eta debekuak arintzen joan diren eran, jarduera hori ere hasi da bere hitzorduak berreskuratzen. Horietako bat, Legazpiko Kapela dantza saioa da.
Sustraiak dantza taldeak sustatutako ekitaldia ez zen egin iaz, eta aurtengoa ia sei hilabete beranduago dator. 2021eko Kapela dantza, ohi bezala maiatzeko Santikutz jaien ondoren izan beharrean, hurrengo larunbatean izango da, azaroak 6.
Saio ibiltaria izango da, eta 12:00etan Euskal Herria plazan dantzariek eta azken asteetan dantza ikasten jardun duten herritarrek egingo duten emanaldi nagusiaren ondoren, taldea kalez kale ibiliko da. Aurten Hegialdera ere joango dira, han bazkalduko dutelako partaideek. Bazkalondoan ekingo diote berriz dantzari, eta 20:00etan emango diote amaiera festari. Egun osoan zehar herriko txistulariak eta trikitilariak izango dituzte lagun.
Soka dantzaren aldaera
Eusko Jaurlaritzak euskal kultura ondarea osatzen duten elementuen artean du zerrendatuta Legazpiko Kapela dantza, eta euskadi.eus webgunean gai horri eskainitako atalean jasotzen denez, Gipuzkoako herri gehienetan jai nagusietan egin ohi izan den Soka dantza edo Gizon dantzaren aldaera bat da. Hemen maiatzaren 3an edo Santikutz egunean egiten zen, eta egiten da, Soka dantza, eta horren berri aspaldiko dokumentuetan dago jasota udal artxibategian. Kapela dantzaren berri, aldiz, ahozko iturrietatik iritsi da.
Jaurlaritzako webgunean aipatzen diren ahozko iturri horien arabera, Kapela dantza maiatzaren 4an egiten zen, Santikutz Txiki egunean. «Meza nagusiaren ondoren, herriko gazteak plazan elkartzen ziren dantzan ondo pasatzeko asmoz. Dantzen pasabideak herrikoiak ziren eta janzkera informala, kaleko arropekin, lastozko kapela laboraria edo hegal zabaleko antzekoa izan ezik». Plazan amaitutakoan, kalez kale ibiltzen ziren, «saltoka eta dibertituz». Ibilaldian tabernak bisitatzen zituzten, eta «haien aurrean dantzatu eta ardoa edaten zuten, dirua eskatzen zieten oinezkoei, eta parte hartzaileek bere trebetasuna erakusten zuten».
1996an berreskuratua
Kapela dantza 1930eko hamarkadara arte egon zen indarrean, eta ofizialtzat hartu ez zenez, hurrengo hamarkadan egiteari utzi zitzaion. Baina 1996an, Sustraiak dantza taldeak berreskuratu zuen, eta harrezkero, jatorrizkoaren izpiritua mantentzen lan egin dute, herritarren artean jaio giroa zabalduz eta «bazterrak alaituz».