Marokoko Panda Raid rallyan parte hartu duten Goierriko abenturazaleak etxean dira
Urriaren 22tik 30era bitartean, bi bikotek Maroko zeharkatu dute Seat Marbella auto banatan. Bizi izandakoa esperientzia "gogorra" izan dela diote, baina balorazio positiboa egin dute.
Ia bi asteko abentura eta gero, etxean dira dagoeneko Panda Raid rallyan parte hartu duten goierritarrak, eta bizi izandakoaz balorazio positiboa egin dute. Bi Seat Marbella autotan banatuta, bi bikotek Maroko zeharkatu dute hamar etapetan zehar, urriaren 22an hasi eta 30era bitartean. Ferrya hartzera Frantziako Sete hiriraino joan zirenez, 3,600 kilometrotik gora egin dituzte guztira.
Legazpin sortutako Los del Panda taldekoak ziren bi bikoteak. Auto batean Iosu Santos eta Veronica Cantero joan ziren, eta bestean Unai Aranburu eta Pello Alberdi. Alberdik, azken momentuan joan ezin izan zen Nagore Hidalgoren lekua hartu zuen.
Esperientzia gogorra
“Guretako esperientzia berria izan da, eta gogorra”, adierazi dute etxera itzultzean. Horrelako probetan roadbook edo ibilbidea markatzen duen gailua ondo erabiltzen jakiteak duen garrantzia aipatu dute, “ez baduzu asmatzen, estutasun uneak izaten dituzu, baina berehala igarotzen dira”. Ibilbideko pistak eta dunak “ikaragarriak” zirela ere nabarmendu dute, “kilometro askotan zehar ez dago ezer ere ez, eta hori ikusteko bertara joan behar da, argazkitan ez da horrelakorik antzematen”.
Kanpalekuan eta etapak joan etapak etorri egin dituzten lagunak aipatu dituzte azkenik, “elkarri laguntzeko prest, beti, hori da hain zuzen PandaRaid-aren izpiritua”, Antolakuntzarako ere hitz onak besterik ez dituzte izan.