Olentzero Mirandaolara etorriko da astebururo larunbatetik aurrera
Lenbur Fundazioak antolatuta, bihartik abenduaren 19ra arte tailer ugari egingo dituzte astebururo familiei zuzenduta, eta astean zehar ikastetxeentzako. 8.000-bat pertsona etorriko dira Legazpira Olentzero ezagutzera.
Lenbur Fundazioak gonbidatuta, Olentzero Mirandaolara etorriko da aurten ere ikatza ekartzera. Bihar hasi eta abenduaren 19ra arte, familia tailer ugari egingo dira astebururo, eta haurrek pertsonai hori ezagutzeko aukera izango dute.
Aurtengo Olentzeroren kanpaina arrakastatsua dator, Lenburrek adierazi duenez, 8.000 pertsona inguru etorriko direlako Legazpira datozen asteburuetan, eta 15-bat ikastetxetako talde ugari astegunetan.
Tailerraren edukia
Tailerrak Euskal Burdinaren Museoaren aurrean hasiko dira da. Han elkartu eta gero, taldeek museoa bisitatuko dute, eta ipuin kontalari baten eskutik Olentzeroren ikazkin lanbidea ezagutzeko aukera izango dute. Olentzero beraren historia, Mari Domingirena eta Napoleon astotxoarena ere azalduko ditu ipuin kontalariak.
Ondoren, museotik kanpora irten eta basotik behera etorriko den Olentzeroren bila joango dira familiak, Burdintxok lagunduta. Olentzerorekin elkartu ondoren, bisitari guztiak Mirandaolako burdinolara joango dira, eta han haurrek Gabonetako pertsonaia horrekin egoteko aukera izango dute, gutunak edo txupeteak emateko edo argazkiak ateratzeko.