'Etxetik atera gabe', hilaren 14an Idiazabalen
Aitor Furundarena Usabiagak eta Iñaki Telleria Barrenak kontzertua eskainiko dute Guraso Elkarteko aretoan, 19:00etan. Sarrerak liburutegian daude salgai, 5 euroan.
Aitor Furundarena Usabiaga akordeoilari, musikagile eta irakasleak eta Iñaki Telleria Barrena perkusio jole, irakasle eta ikuskizun zuzendariak ‘Etxetik atera gabe’ kontzertua eskainiko dute hilaren 14an, igandea, Idiazabalgo Guraso Elkarteko aretoan, arratsaldeko 19:00etan. “Herri musika, musikari bezala gure ibilbidearen sorburua izan da. Txikitatik bizi izan dugu modu natural-naturalean, eta gure musika honetaz dakiguna baino gehiago, berarengatik sentitzen duguna transmititu nahi dugu kontzertu honetan”, adierazi dute musikariek ohar baten bidez.
Herri musika “Euskal Herriaren mendeetako kultur jakinduria” egungo garaiarekin “lotzen duen ondarea da” haientzat, eta gaztetatik jo, abestu eta dantzatu dutenari “oihal preziatuenezko jantziak prestatu” dizkiete, “bizipozez, umorez eta maitasunez”. Sarrerak Idiazabalgo liburutegian daude salgai, 5 euroan.
Ibilbide luzeko musikariak
Furundarenak Euskal Herrian, Parisen era Kopenhagen egin ditu ikasketak. Interpretazioan, nazioarteko hainbat akordeoi lehiaketetan saritua izan da, orkestrekin, ganbera musikan, bakarka eta taldean ibili izan da, eta grabaketa ugari argitaratu ditu. Sorkuntzan, telebista, antzerki eta zinemarako konposatu du. Ganbera Musika, Transkripzio eta Herri Musikako irakaslea da egun Musikenen, eta bere ardatz nagusiak musika garaikidea eta herri musika dira. Telleria, berriz, Musikenen perkusio ikasketak egindakoa da. Atzerriko, estatuko zein Euskal Herriko Orkestra Sinfoniko eta bestelako talde ugarirekin kolaboratzaile lanak egin ditu, eta zuzendari musikal edo perkusio jole gisa hainbat proiektutan parte hartu du, tartean dantza ikuskizun, liburu, margo erakusketa edo poesia proiektuetan. Gaur egun Barakaldoko Udal Musika Bandako perkusionista eta Zubiaur musika eskolako irakaslea da.