La Leze gaztandegiak 'super urrea' saria jaso du WCA lehiaketan
World Cheese Awards nazioarteko gazta lehiaketaren sariak banatu dituzte gaur, Asturiasen. Idiazabal Jatorri Izendapeneko 18 gaztandegi izan dira sarituak. Horien artean, hainbat goierritar daude.
Euskal gaztagileek nazioarte mailan ere punta-puntan dabiltzala erakutsi dute, beste behin ere. World Cheese Awards nazioarteko lehiaketa entzutetsua egiten ari dira egunotan Oviedon (Asturias) eta gaur egin dute sari banaketa. Idiazabal Jatorri Izendapeneko 18 gaztagilek 35 sari jaso dituzte guztira. Horien artean, hainbat goierritar daude.
Sari nagusia, Eli Gorrotxategi eta Joxe Mari Jauregik Illarduian (Araba) duten La Leze gaztandegiak jaso du, ‘super urrea’ izendapenarekin. Horrez gain, urrezko 2 domina eta brontzezko beste bat ere jaso dituzte.
Gainontzeko goierritarrei dagokionean, Idiazabalgo Gaztañaditxulok urrezko domina jaso du, J.Aranburu Elkarteak zilarrezkoa eta brontzezko 2 eta Baztarrikak brontzezko domina bat.
Mundu osotik ekarritako 4.000 gazta aritu dira egunotan lehian, WCA lehiaketan, eta 30 herrialdetako 250 epaimahaikide aritu dira gaztak probatu eta sailkatzen. Idiazabal Jatorri Izendapenak eta Artzai Gazta Elkarteak, gaztagile horien guztien artean “gure 35 gazta nabarmendu” izana goraipatu dute; “horrek are garrantzi handiagoa ematen dio sariari”. Eta izendapeneko “gaztandegiak berriz ere munduko gazta onenen artean sarituak” izateak, haien “kalitate handia ziurtatu eta gure gaztaren izen ona nazioarte mailan” zabaltzen duela adierazi dute.