Txerri Azoka bueltan da
Etenaren ondoren, mutiloarrek berriz antolatu dute Txerri Azoka. Igandean 25 bat postu jarriko dituzte. Txerrikiak, eztia, artisautza produktuak, barazkiak edota esnekiak egongo dira salgai.
Igandean, XIII. txerri azoka ospatuko dute Mutiloan. Iaz azoka ospatzerik ez zuten izan osasun egoera zela eta, baina aurten ez du hutsik egingo. Ohi bezala, frontoian eta plaza inguruan jarriko dituzte postuak, eta ekoizleek salgai jarriko dituzten produktuak erosteko aukera izango dute goizean herritarrek. 10:00etan izango da azokaren irekiera ofiziala, eta 14:00ak arte egongo da zabalik.
2008an ekin zion udalak urtero txerri azoka antolatzeari, herrian azoka baten falta sumatzen baitzuten. Mutiloarrak txerrigorriak direnez, txerri azoka egitea erabaki zuten. Harrezkero urtero antolatu izan da, 2020koa izan ezik. Aurtengoan, 25 bat postu jarriko dituzte, herritarrek produktuak eros ditzaten. Txerrikiez gain txorizoa, odolkia, urdaiazpikoa…, beste hainbat produktu izango dira eskuragarri: barazkiak, fruta, gazta, eztia edota artisautza lanak. Jatorri ezberdinetako ekoizleak egongo dira, kultura bakoitzeko ohituretan oinarrituta.
Txerri dastaketa
Goizean zehar, txerri erakusketa, txerri erretzea, odolki eta txorizo dastaketa eta urdaiazpiko mozte erakusketa eta dastaketa izango dira. 12:00etan, berriz, odolkiak egiteko erakustaldia egingo dute Juanita Murgiondok eta Josune Agirrek. Erakustaldiaren ondoren, 12 bat orduz erretako txerriaren dastaketa izango da. Pintxoak salgai jarriko dituzte. Ohiko herri bazkaririk ez dute egingo aurten. Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak azaldu duenez, herritarren eta batez ere ekoizleen eskaria dela eta erabaki du udalak aurten azoka berreskuratzea.
Eguraldi ona ala txarra egin, giro ederrean ospatuko dute txerri azoka, iazko etenaren ostean. Txerrikiak izango dira protagonista igande goizean Mutiloan, baina bestelako produktuek ere izango dute haien tokia. Erosketak egiteko aukera paregabea izango dute herritarrek 10:00etatik aurrera, txingar usain artean.