XIX. mendeko elegante jantzien eta osagaien azoka, bihar, Zumalakarregi Museoan
Bihar, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, elegante jantziak izango dira ikusgai. Jantzien eta osagaien trukaketa eta salmenta ere egingo da. 12:00etan eta 17:00etan, kamafeoak egiteko aukera izango dute herritarrek.
XIX. mendeko elegante jantzien eta osagaien azoka ospatuko da bihar Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan. 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da zabalik. Museoak azaldu duenez, “Ormaiztegiko ondare material eta immateriala balioan jartzeko eta herriko festetako elegante eguneko partaidetza bultzatzeko” antolatu dute azoka. Hilaren 20an izango da VIII. XIX. mendeko eleganteen bilkura aurten, San Andres jaien barruan, eta iazko etenaren ostean herritarrek aurtengoari gogoz heltzea espero dute.
Elegante bilkurako jantziak jarriko dituzte ikusgai museoan, eta jantziak eta osagaiak janzteko, trukatzeko edo erosteko aukera ere izango da. Elegante eguneko edizio ezberdinetako argazkiak ere jarriko dituzte ikusgai, eta photocall-a egongo da herritarrek argazkiak atera ditzaten. ‘Ormaiztegiko bainuetxea’ erakusketa ere bisitatu ahalko da. 12:00etarako eta 17:00etarako, kamafeoak egiteko tailerrak antolatu ditu museoak, herritarrek garaiko bitxi horiek egiteko aukera izan dezaten.
XIX. mendeko eleganteen itxura eta giroa izango du Zumalakarregi Museoak biharko egunez. Aldi baterako erakusketa gelan ospatuko da azoka, eta garaiko musikarekin alaituko dute giroa.