CAFeko garbitzaileak "esplotatuta" sentitzen dira
Jubilazioak ordezkatzen ez dituztenez lan-zama handitzen joan dela salatu dute
Eulen-CAFeko garbitzaileek “esplotazioaren hazkundea” salatu zuten pasa den astean enpresako atarian egindako elkarretaratzean. Geroz eta lan-karga handiagoa dutela diote, jubilazioak ez direlako ordezkatzen. Azken urteetan lantaldea hiru pertsonetan txikitu dela azpimarratu zuten.
CAFek garbikuntza zerbitzua lizitaziora atera du. Langileek murrizketak betikotzeko arriskua dagoela ohartarazi dute, euren eta zerbitzuaren kaltetan. “ESKtik argi utzi nahi dugu azpikontratazioa ez zaiola CAFi baliagarri izango esplotazioaren hazkunde honetan duen ardura ezkutatzeko”, esan zuten. “2012tik izandako bake soziala bukatutzat ematen badute garbikuntzako langileok aurrean izango gaituzte”, gaineratu zuten.