Etxez-etxeko arreta zerbitzukoek astebeteko greba hasi dute
Langileen eskakizunei Goxarak eta Beasaingo Udalak entzungor egiten dietela presioa handitzea erabaki dute
Beasaingo etxez etxeko arreta zerbitzuko langileek zazpi eguneko greba hasi dute gaur, ELAk bultzatuta. Beste erremediorik ez zaiela gelditu diote, bi hilabeteko protesten ondoren lan-baldintzak lehengoak direlako. Soldatak handitzea eta egonkortzea, lan hitzarmena adostea eta lan-poltsa sortzea eskatzen dute.
Langileak kexu dira lan-baldintzak txarrak direla: ez dute lan hitzarmenik. Arautegi orokorraren baitan egiten dute lan eta langileek salatu dute ez dela euren beharretara egokitzen; soldata zehatzik ere ez dute. Egindako orduen arabera irabazten dute. Baina lan-orduak aldakorrak dira, beharren arabera egiten dutelako lan. Jarraikortasunik gabeko lanaldiak dituzte, gainera, lanorduak goizean, eguerdian eta iluntzeetan sakabanatuta. Egun guztia baldintzatzen duela diote, nahiz eta tarteko orduetan soldatarik ez duten jasotzen. Eta lanak presaka egin behar dituztela diote, behar bezalako arretarik eskaini gabe.
Goxarak, zerbitzua ustiatzen duen enpresa pribatuak, Beasaingo Udalak ezarritako baldintzak betetzen dituela dio. Udalak, berriz, pleguak hala ezarrita daudela eta ezin direla aldatu argudiatu du. Gainera, zerbitzuaren kostuaren zati bat bere gain hartzen duela eta hori “esfortzu handia” dela azpimarratu dute.
Langileek bi aldeak jo dituzte euren egoeraren errudun. Goxarari irabaziak lehenestea leporatzen diote, pertsonen kaltetan. Udalari borondate falta egozten diote. Udaletxeko atarian elkarretaratzeak egingo dituzte egunero, 11:30ean. Manifestazioan Goxarako egoitzaraino joatea ere ez dute baztertzen, egunen batean. Gaurko elkarretaratzean hainbat herritarren babesa ere izan dute. Langileek azpimarratu dute erabiltzaileen sostengua ere badutela. Lehen mailako erabiltzaileek ez dute laguntzarik jasoko aste honetan, eta bigarren eta hirugarren mailakoek eguerdian eta iluntzean jasoko dute, zerbitzu minimo gisa.