Herriko kirolaririk onenen, bila
Proposamenak egiteko epea aste honetan zabalik egongo da. Iradokizunak Beasain apparen bidez edo Antzizar kiroldegian egin behar dira
Beasaingo Udalak herritarrei urteko kirolari onena nor izan den galdetu die. Erantzunak aste honetan bidali behar dira, Beasain aplikazioaren bidez edo Antzizar kiroldegian jarritako inprimakiak beteta. Proposamenak kiroletako arduradun teknikoak, Beasaingo Udaleko komunikazio arduradunak eta Herritarrak Batzordeak proposatutako talde aholku-emaileak aztertuko ditu. Talde hau Beasaingo kirolaren berri edota kirolari beasaindarren berri jarraitzen duen komunikabide edo kazetari batek, aurreko urteetako saridun batek, kirol elkarteetako ordezkari batek, kirol teknikari batek eta kirolaren eta gorputz ekintzen esparruan ezaguna den pertsona edo entitatearen ordezkaria batek osatuko dute. Hautatuak 2021eko Sari Nagusia jasoko du, bere oroigarriarekin, eta Antzizar Kiroldegian plaka bat jarriko diote.
Bosgarren oroigarria izango da, aurtengoa bosgarren edizioa izango baita. BKL, Jon Aizpurua, Eneko Elosegi eta Ane Etxezarreta izan dira orain arteko garaileak. Iaz ez zuten lehiaketarik antolatu eta kirol talde guztiek jaso zuten aitortza. Izan ere, udalaren helburua “Beasaingo edo Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonen eta erakundeen aipamen berezia egitea eta jende aurreko aitortza eta esker ona adieraztea” da.
Sari Nagusiaz gain beste lau aipamen ere egingo dira: emakumezko kirolari edo talde onenarena; gizonezkoena; kirol jardunaldiari saria; eta erakunde babesleari saria. Kategoria eta genero bakoitzeko ohorezko sariak ere banatu daitezke, udalak egoki baderitzo. Sari banaketa abenduaren 29an izango da, 19:00etan, Igartzako Jauregian.