Ehunmilaken itzulera gertuago dago
Izen ematea etzi zabalduko dute, 17:00etan. Izen emate prezioak %5 igo dituzte
Ehunmilak, G2Haundiak eta Marimurumendi lasterketetako izen ematea etzi zabalduko da, 17:00etan. Online egin beharko da izen ematea, azken urteetan bezala. Webgunea erori ez dadin g2h eta mmm probetarako ilara-birtual bat sortuko dute, horrenbeste korrikalari batera sartzean webgunea blokeatzeko arriskua gutxitzeko; Ehunmilak probarako modu zuzenean egingo dira tramitazioak.
Dortsal kopuruari eutsi egin diote. Ia 1.300 korrikalarirentzako tokia izango da, denera: Ehunmilaken 515, bai banaka zein taldeka; g2h-n, beste horrenbeste; eta mmm-n, 265. Azken edizioetan g2h-ko eta mmm-ko dortsalak egun bakarrean amaitu ziren, eta Ehunmilakekoak ere gertu ibili ziren. Antolatzaileek ez dute parte hartzaileen beherakadarik espero, nahiz eta mundu mailako beste lasterketa batzuekin kointzidituko duen. Datak ere urterokoak izango dira, uztaileko bigarren asteburuan. 8, 9 eta 10 izango dira, zehazki.
Prezioen egokitzapena
Izen emate prezioak %5 igo dituzte. Ehunmilakeko hasierako prezioa 145 eurokoa izango da; g2h-koa, 90 eurokoa; eta mmm-koa, 43 eurokoa. Antolakuntzak azaldu du urtetik urtera antolaketa handitzen joan dela eta korrikalariei eskaintzen zaizkien baliabideak ere gehituz joan direla, eta horri eusteko prezioak egokitu egin behar izan dituztela. 11 ediziotan prezioen bigarren gorakada da.
Araudia ere berritu dute. Aldaketa “txikiak” direla diote. Lasterketak bertan behera geratuko badira dirua nola eta zenbat itzuli jaso dute araudian. Izen-ematea justifikatutako arrazoiengatik otsailaren 24a baino lehen egiten bada %60a itzuliko da; apirilaren 21a arte, %50a, eta ekainaren 2ra arte, %40a; handik aurrera ez da diru itzulketarik egingo. Aldiz, lasterketa antolakuntzak berak eteten badu, martxoaren 1a arte %100ekoa izango da; maiatzaren 1era arte, %60koa; eta ekainaren 28a baino lehen egiten badu, %40koa; Lasterketa bertan behar uzteko erabakia irteera-datarako hamar egun edo gutxiago falta direla hartzen den kasuan, edo lasterketa behin irten ondoren bertan behera gelditzen denean, ez da diru itzulerarik kontenplatzen.