Herriko dendak, Beasainen bihotza
'Merkataritza bizitza da. Bizi gaitezen!' kontzientziazio kanpaina abiatu dute. Beasaindarrek erosketak herrian egitea nahi dute
Beasaingo Udalak eta herriko merkatariek erosketak herrian egitera bultzatzeko sentiberatze kanpaina martxan jarri dute, Merkataritza bizitza da. Bizi gaitezen! lemapean. Izan ere, herriko dendek Beasaini bizia ematen diotela nabarmendu nahi dute. Eta jarduerari eusteko bezeroak behar-beharrezkoak dituzte.
Beasainen dauden denden aniztasuna jasotzen duen berdegune bat prestatu dute Erauskin plazan. “Beasainen denetik eros daitekeela ikustarazten du”, laburbildu du Leire Artola alkateak. Alboan hainbat dendari alboan izan ditu. Berdegunea eguberriak pasa arte egongo da bertan.
Bonurik, ez
Beasaingo Udalak ez du kontsumoa sustatzeko bonurik jaulkiko. Pandemia garaian jaulkitako bonuak arrakastatsuak izan ziren arren, Artolak aipatu du bestelako ekintzen bidez erakarri nahi dituztela bezeroak, hasiberria den sentsibilizazio kanpaina, kasu. Halere, gogorarazi du herriko denda askok Eusko Jaurlaritzak jaulkitako bonuekin bat egin dutela. Hauek ere arrakastatsuak izan dira eta azken aleak besterik ez dira gelditzen.