Pentsiodunek manifestazioak egingo dituzte larunbatean
Pentsiodunen Mugimenduak bost manifestazio deitu ditu: Hegoaldeko lau hiriburuetan eta Eibarren. Bilbokoa 17:30ean izango da eta gainontzekoak 12:00etan
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) manifestazioak egingo ditu larunbat honetan, pentsio publiko duinen alde eta murrizketen eta pribatizazioen aurka. Gipuzkoan bi manifestazio egongo dira: Eibarren eta Donostian. Gasteizen, Iruñean eta Bilbon ere egingo dituzte. Bilbokoa 17:30ean izango da eta gainontzekoak 12:00etan.
Mobilizazioek Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten sindikatu eta kolektiboen (ELA, LAB, ESK, Esteilas, Bilgune Feminista…) eta CNT eta CGTren babesa dute.
Urretxuko eta Zumarragako pentsiodunek prentsaurrekoa egin zuten atzo Areizaga-Kalebarren plazan, mobilizazioen berri emateko eta herritarrak parte hartzera animatzeko.
Murrizketek ez dutela etenik salatu zuten. «Pentsioak eta soldatak murrizten dituzten erreformak indargabetu gabe daude oraindik eta, pentsioen kasuan, Gobernuaren lege proiektuak murrizketa gehiago aurreikusten ditu. Toledoko Ituna eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaia ez dira tresna izan duela ia lau urtetik kalean borrokatzen ari garen aldarrikapen gehienak asebetetzeko. Gobernuak aurkeztutako lege proiektuak helburu bakarra du: 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformen murrizketei eustea eta Escriva ministroaren proiektuan aurrera egitea: lan gehiago egitea eta pentsio gutxiago kobratzea. Pentsio sistema publikoa iraupeneko laguntza sistema bihurtu nahi da, pentsio plan pribatuak sustatzeko».
Aldarrikapenak
Erakundeei eta alderdiei beraien aldarrikapenak aintzat hartzeko eskatu zieten. «Ez dugu onartuko 2011ko eta 2013ko murrizketak bertan behera uzten ez dituen erreformarik». Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta urtero bizitzaren kostuaren igoeraren arabera igotzea eskatu zuten. Horretaz gain, jasangarritasun faktorea eta ordezkoak eta belaunaldi arteko erretiro ekitatearen faktorea indargabetzea, 40 urte kotizatu dutenei ez zigortzea, generoen arteko aldearekin bukatzea eta pentsio publikoak bermatuko dituen kalitatezko enplegua sortzea eskatu zuten (2010eko eta 2012ko lan erreformak indargabetuz eta gutxieneko soldata 1.200 eurora igoz).
Bukatzeko, pentsioen eta soldaten murrizketak jendearen bizi baldintzak okertzen ari direla gogoratu zuten. «Gobernuek gehien dutenei mesede egiten dieten zerga politikak ezartzen dituzte, zerbitzu publikoak murrizten dituzte eta eta oinarrizko zerbitzuen (energia eta bankuak) prezioen igoera ahalbidetzen dute».