San Martin jaiak ospatuko dituzte aramarrek, bihar hasi eta igandera bitartean
Suziriaren jaurtiketarekin hasiko dira jaiak, bihar, 19:00etan. Ez dira faltako, San Martin egunaren bezperako gaztaina jana, herri bazkaria, musika taldeen doinu alaiak, eta jolasak
Aurten bai, San Martin jaiak ospatuko dituzte Araman. Bihar, asteazkena, 19:00etan puntuan suziria jaurtiko dute, eta horrela emango diote hasiera, igandera arte iraungo duten jaiei. Egitarau oparoa antolatu dute, beti ere, uneko osasun egoerari egokitutakoa.
Intxausti eta Iñaki trikitilariekin hasiko dira motorrak berotzen. 20:00etatik aurrera izango da hori. Bitartean, gaztainak erretzeko danbolin erraldoiak lanean jarriko dituzte. 150 kilo inguru gaztaina erreko dituzte herritarren artean banatzeko.
Araman ez da berria San Martin bezperan gaztaina erreak jatea. Gaztaina garai bete-betean egokitzen dira jaiak, eta, fruitu horrek zuen estimua festa-aldarterako ere elikagai ona izan, nonbait. XX. mendearen hasieran jada, danbolinkada gaztaina erretzen zuten aramarrek.
Azaroaren 10a zen horretarako egun seinalatua, zaindariaren bezpera, eta ohitura horri eutsiz, horrela egingo dute aurten ere, nahiz eta plazan egin beharrean, frontoian izango den, eta mahaietan eserita egon beharko duen jendeak.
San Martin eguna
Zaindariaren egunean, osteguna, meza nagusia egingo dute lehenik. 11:30ean berriz, hamaiketakoa, plazan. Toka txapelketa, eguerdi partean, eta arratsaldean berriz, seiko urre eta mus txapelketak egingo dituzte. Parte hartu nahi dutenek, izena eman beharko dute. Unean bertan egin ahalko da hori.
Gaztetxoentzat ere hainbat proposamen izango dira festetan. Eskulan-jolasak eta txokolate jana antolatu dituzte ostiral arratsalderako, jolasak edo irteera eguraldiaren arabera larunbaterako, eta puzgarriak jarriko dituzte frontoian igandean.
Herri bazkaria ere ez da faltako. Larunbatean egingo dute, frontoian. Jende asko animatu da eta dagoeneko 80 herritarrek eman dute izena.
Aurtengo San Martinak, igandearekin batera amaituko dira. Bost eguneko jaiek utzitako ajea leuntzeko mokadutxo bat jan ondoren, su artifizialekin agurtuko dituzte festak.