«Beasaingo eta gune ezberdinetako arduradunak gogotsu gaude»
Bihar zabalduko dute Ehunmilak, G2H eta MariMurumendi probetarako izen-ematea. Ia 1.300 korrikalarirentzako tokia izango da, denera. Antolatzaileak gogotsu eta etor litekeenerako prest daude.
Nola doaz antolaketa lanak?
Covid egoerako trantzea pasa dugu. 2021era begira prest genituen aukera batzuk 2022ko edizioan aplikatuko ditugu. Gogotsu gaude, bai Beasaingo antolakuntza batzorde nagusia eta baita ere gune ezberdinetako arduradunak.
Geldialdiaren ostean berriz ere martxan hastea erraza izan da?
Erabat geldi ez gara sekula egon. Itxialdi garaian ere lanean jarraitu genuen. Baina bai, erritmoa hartzea kosta da. Urtetik urtera, gutxi gorabehera, plangintza eginda genuen. Baina urte eta erdiko geldialdi honen ondoren gehiago ari zaigu kostatzen: ibilbideko bide batzuk itxi egin dira, bilera batzuk atzeratu zaizkigu… Nabari da ez gaudela erabateko normaltasunean.
Noiz erabaki zenuten lasterketa egingo zenutela? Gehiago ezin zenuten itxaron?
Ikusi genuen beste lasterketa batzuk hasi zirela baldintza batzuen barruan antolatzen, eta guk ere aurrera egitea erabaki genuen. Egoera uztailerako normaltasun puntu batera iritsita egotea espero dugu.
Kezkatzen zaituzte egoera okertu eta berriz ere bertan behera utzi behar izateak?
Zer etorriko den inork ez daki. Baina aukera ezberdinak landu ditugu. Arautegia, esaterako, horregatik aldatu dugu.
Korrikalariak gogotsu nabaritzen dituzue?
Urteroko kopuruetan ibiltzea espero dugu. Ehunmiletan 400 lagunetik gora espero ditugu, eta beste probetan dortsal guztiak banatzea.