Ekintzaz beterik dator aurtengo San Martin Feriari lotutako egitaraua
Larunbateko feriaren aurretik, ‘Herri inguruan kontu kontari IV’ ikus-entzunezkoa emango dute gaur. Bihar, berriz, Gipuzkoako mendietako larreen kudeaketaz hitz egingo dute
Zegaman iaz ez zen San Martin azokarik antolatu osasun egoeragatik, baina aurten, San Martin egunaren bueltan, astebeteko egitaraua antolatu du Zegamako Udalak, gaurtik asteartera bitartean. Azoka eguna larunbatean izango da, baina aurretik eta ondoren hainbat jarduera egingo dituzte feriari lotuta. Gaur, Anduetza Parketxean, Herri inguruan kontu kontari IV ikus-entzunezkoa emango dute, 19:00etan.
Tartean, 1956ko Tomas eta Kontxita Arizkorretaren ezkontza, 1970eko Juan Telleriari omenaldia edota urte bereko kinto bazkaria egongo dira ikusgai. Bihar, berriz, Jabier Jauregi Etorlurreko Gipuzkoako mendi larreetako teknikariak mendietako larren kudeaketaren inguruko hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, Anduetzan. Musika izango da protagonista ostiralean: San Martin Parrokian, 19:30ean, Gozategi taldeak kontzertua emango du, akustikoan. Sarrerak 10 euro balio du eta udaletxean edo bulegoa@zegama.eus helbidera idatzita eskuratu daitezke.
Erakusketa eta lehiaketa
Larunbatean 09:00etan ekingo diote San Martin Feriari. 12:00ak arte herriko abereen erakusketa eta lehiaketa izango da pilotalekutik Urgainberri auzora arteko eremuan. 14:00ak arte gazta eta artisau produktuak erosteko aukera izango dute herritarrek eskolako patioan, pilotalekuan eta plazan jarriko dituzten postuetan. Eskolako patioan, gainera, Tolosako babarrunak dastatzeko aukera izango da 11:00etatik aurrera. 11:00etatik 13:00etara, aldiz, Aizkorri-Aratz parke naturaleko XXII. gazta lehiaketa ospatuko da pilotalekuan, eta hori amaitzean, 13:00etan, Jose Mari Ustarroz Idiazabal Jatorri Izendapeneko presidente izandakoari omenaldia egingo diote. 13:30ean, abere lehiaketako zein gazta lehiaketako sariak banatuko dituzte. Eguerdian, txakoli dastaketa egongo da Tartaloetxe elkartean. Txistulariek eta albokariek alaituko dute azoka eguneko giroa.
Arratsaldean, pilota
Larunbat arratsaldean jarraituko du feriak. 17:30ean buruhandiak izango dira plazan, eta 18:00etan, eskuz binakako pilota partidak jokatuko dira. Batetik, gazteen mailan, Ormazabal-Landa I.a eta Izagirre-Landa II.a lehiatuko dira, eta afizionatuen mailan, bestetik, Sukia-Galdos bikotea Matxin-Telleria bikotearen aurka. Iganderako, haurrentzako jarduera antolatu dute Aizkorri Guraso Elkarteak eta udalak. 16:30etik 18:30era, 2 eta 12 urte bitarteko haurrentzako tailer eta jolasak prestatu dituzte. Txatxilipurdi elkarteak gidatuko ditu ekintzak.
Asteartean emango diote amaiera San Martin egunaren bueltako egitarau oparoari. 19:00etan, Anduetzan, Gipuzkoa antzinaroan solasaldia izango da Luis Maria Zaldua Gipuzkoako Parketxe sarea Fundazioko zuzendariaren eskutik.