Zapatu gaueko festako liskarrak salatu ditu Lazkaoko gazte asanbladak
Liskar eta borrokaldi ugari izan ziren larunbat gauean, eta hainbat objektu bota zituzten Agauntza errekara. LGAk dio "lekuz kanpo" daudela jokaera horiek.
Liskar eta borrokaldi ugari izan ziren larunbatetik iganderako gauean Lazkaon. Gazte Festak ospatu ziren, eta zenbaitek hori baliatu zuten beste batzuekin joka hasteko eta apurketak egiteko. Gaueko kontzertuko azken taldeak bertan behera utzi behar izan zuen emanaldia, txosna gunean eta tabernen aurrean gertatzen ari ziren liskarrengatik.
Gazte Festaren antolatzaile Lazkaoko Gazte Asanbladak gertakari eta jarrera horiek salatu ditu. Igandean bertan ateratako oharrean, «lotsagarritzat» jo zituen bezperako liskarrak. «Txosna gunea gune segurua eta librea da, eta ondorioz ez dugu inolako liskarrik onartzen». Against You taldeari barkamena eskatu diote, kontzertua bukatu ezinik geratu behar izan zutelako.
Objektuak errekara
Borrokak gau osoan izan ziren, bortizkeria handikoak sarri. Asanbladak salatu duenez «gau osoan behin eta berriz» eta «gizonezkoen artean» errepikatu ziren. «Lekuz kanpoko zeuden, eta, beste behin, horrelako jarrerek festa giroa zapuztu zuten».
Bestetik, Agauntza errekara hainbat gauza bota zituzten, tabernen terrazetako altzariak, besteak beste. Ikastolako eremua «basoz eta botilaz beteta» utzi zuten. «Tamalgarria iruditzen zaigu, eta asanbladak ez du bat egiten jarrera hauekin».