Zumarraga, ilustratzaile gazte baten katapulta
Sandra Garaioa artista donostiarrak ‘Inventarium’ erakusketa ireki du Zumarragan. Erakusketa hau Katapulta Plataformak sustatu du eta udalaren, aldundiaren eta Kutxa Fundazioaren babesa du.
Buenawista Prolleckziom’s elkarteak Katapulta Plataforma jarri zuen abian duela urte batzuk, Gipuzkoako artista gazteei bultzadatxoa emateko. Egitasmo honek Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du. Bat egin duten udalen artean, Zumarragakoa dago. Hala, egunotan Sandra Garaioa ilustratzaile donostiarraren lanak ikus daitezke Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Erakusketa hilaren 20a arte egongo da zabalik: astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 21:00etara eta larunbatetan 09:30etik 13:30era.
Sandra Garaioa (Donostia, 1993) diseinu grafikoan eta ilustrazioan graduatua da Bartzelonako Escola Massanan. Hainbat eremutan lan egin ondoren, azkenaldian narrazioaren alorrera bideratu du bere jarduna. Une honetan, Bang argitaletxearekin komiki proiektu batean murgilduta dago eta Berria egunkariko Mantangorri aldizkariaren hileroko kolaboratzailea da.
2020an, donostiar honek Etxepare album ilustratuen saria jaso zuen Lorerik gorriena liburuarekin, eta bere lanak aipamenak jaso ditu Irudika (Gasteiz), Fillustra (Mexico) eta Junceda (Bartzelona) sarietan, besteak beste.
Zumarragan muntatu duen erakusketaren izenburua Inventarium da eta bere barnea behatzearen fruitua da. Bere barruan aurkitutakoaren katalogo bat. «Erakusketa honek, garrantzitsuak izan diren hainbat lan pertsonal jasotzen ditu. Nire konexioei erantzunak ematen dizkion analisi pertsonala da. Ibilbidea eta bilakaera behatzeko eta ordenatzeko modu grafiko bat, esploratzeke dauden leku berrietara bide desberdinak irekitzeko aukera ematen didana», azaldu du ilustratzaile donostiarrak.