Errefuxiatuentzako oinetakoak bilduko dituzte
Negurako oinetako aproposak izateko eskatu dute, egoera onean daudenak eta erosoak
Zaporeakek Lesboseko (Grezia) eta Atenaseko errefuxiatu kanpalekuetan dauden pertsonentzako zapatak bilduko ditu. Beasainen etzi jasoko dituzte, plazapean, 10:00etatik 13:00etara; Legazpin, datorren larunbatean, azokan eta Hegialde auzoan, 09:00etatik 14:00etara.
Negurako oinetako aproposak eskatu dituzte Botak, esaterako. Erosoak eta egoera onean daudenak izateko ere zehaztu dute. “Lesbosetik eta Atenasetik esaten digute hilabete hauek pasatzeko gehien behar dutena eta hobekien datorkiena oinetako on bat dela”, zehaztu dute. Takoidun zapatak ez dituzte onartuko.
Hotza “inoiz baino nabariagoa” dela gaineratu dute. “Kanpin-dendetan edo barrakoietan bizi dira, eta hotza hezurretaraino sartzen da”. Agintarien utzikeria salatu dute. “Gobernuek ez dute landa egokitzeko inbertitzen, eta ez dute berogailurik edo hotzetik gordetzeko tresnarik”.