Legazpiko bi pilotari Gipuzkoako txapeldun bihurtzeko azken txanpan
Jon Agirrek eta Josu Ibargurenek nagusien bigarren mailako finala jokatuko dute gaur Villabonan. Finalerako sailkatuta, lehen mailara igo dira. Pilota eskolan trebatutakoak dira biak.
Kluben Arteko Gipuzkoako Eskuz Binakako Txapelketan hasi zirenean, bi helburu zituzten Jon Agirrek eta Josu Ibargurenek: nagusien bigarren mailatik lehen mailara igotzea, eta txapelketa irabaztea. Maila igoera lortu dute dagoeneko, eta gaur ikusiko da bigarren helburua ere lortzen duten. Legazpiko Gazteak klubeko bi pilotariak finalera iritsi dira eta gaur dute partida erabakior hori. Villabonan izango da finala, Behar Zana pilotalekuan, 19:00etan. Tolosako Ander Perurena eta Martxel Iztueta izango dituzte aurkari.
Legazpiarrak pozik daude orain arte lortutakoarekin, baina txapela ere nahi dute. Aurkariak ezagunak dituzte, «txapelketan 22-19 irabazi genien, baina partida gogorra izan zen, ordu eta erdi egon ginen jokoan», gogoratu du Ibargurenek. Finala ez dela erraza izango uste du, tolosarren gaztetasuna kontuan hartuta batez ere, 17-18 urte baitituzte bakarrik, «guk baino joko gehiago dute, baina esperientzia ere baliagarria izaten da, eta aurrekoan ere horregatik irabazi genien».
Legazpiko jarraitzaileak
Esperientziaz gain, lagunen eta jarraitzaileen babesa ere izango dute legazpiarrek. «Etxean jokatu izan dugunean etorri da jendea gu ikustera, ingurukoak batez ere, eta Villabonara ere jende asko joango dela uste dugu».
Ibarguren eta Agirre lehen mailara igaro izana Legazpiko Gazteak pilota klubeko senior mailako lorpenik handiena da, 2003an sortu zenetik, eta are handiagoa izango da txapela irabazten badute. «Pilotari nabarmenak izan dira Legazpin senior mailan, baina gurea sortu aurretik beste klub batzuetan jokatu izan dute, herritik kanpo. Orain, behintzat, gure herriaren izena ari gara zabaltzen», esan du Ibargurenek.
Pilota eskola, martxan
Klubeko harrobikoak dira bi pilotari hauek, pilota eskolan trebatutakoak, eta gaur egun irakasle lanetan ere ari dira bertan. «Iaz lau hilabetez bakarrik izan genuen martxan, baina aurten ia normaltasunez hasi gara duela bi hilabete».
Ikasturte berrian 25 pilotari gaztetxo daude eskolan, «asko jaitsi da azken urteetan» Ibargurenek azaldu duenez, lehen 60-70ra ere iristen zirelako. Bertako pilotari helduen erreferentzia faltari egotzio dio errua, azken urteetan ez dela horrelakorik egon dio, eta «berriz ere lehengo martxa hartzea kostatu egingo da». Gaur Gipuzkoako txapela irabazten badute, etorkizuneko pilotariek ez dute erreferente faltarik izango tarte batean.
Pilota eskola Urbeltz pilotalekuan dago, eta astean hiru egunetan izaten dira entrenamenduak, astearte, asteazken eta ostegunetan, 16:30etik 18:00etara. 2011tik 2015era bitartean jaiotako neska eta mutilentzat da, eta oraindik badago aukera bertan hasteko.
Ibargureni eta Agirreri bezala, beste pilotari federatuei eskainitako babesa eta pilota eskolaz gain, Legazpiko klubak baditu zeregin gehiago ere, haurren txapelketa eta herriko binakakoa antolatzea, besteak beste. Martxan dago bien prestaketa.
Goierriko klub gehiago iritsi dira finaletara
Gipuzkoako kluben arteko pilota txapelketetako finaletan Goierriko bi elkarte gehiago ere izango dira, Lazkaoko Lapke eta Zegamako Tartaloetxe.
Gaur Villabonako Behar Zanan bigarren mailako finalaren ondoren, nagusien lehen mailako finala ere jokatuko da, eta bertan izango dira lehian LAPKEko Ekhi Irribarria eta Iñigo Erle; Behar Zana klubeko Xabier Urbieta eta Jon Urbieta izango dituzte aurkari.
Bihar, Idiazabalgo Igarondon da hitzordua, 11:00etan hasita. Jubenilen lehen mailako finala izango da lehenik: LAPKEko Faben Ituarte eta Artea
Goiburu Azkoitiko Mikel Aranbarri eta Iker Garciaren aurka arituko dira. Ondoren, nagusien ohorezko mailako finala jokatuko da, Tartaloetxeko Beñat Azketa-Aitor Elizegi eta Tolosako Iñaki Elola-Julen Aizpuru bikoteen artean.